COVID-19aren ondorioz sortutako egoerak eta honen kutsadura saihesteko hartutako neurriek gure egunerokoa hankaz gora jarri dute. Hainbat neurri hartu dira, baina ez dira nahikoak izan gazteok prekaritate egoerak ez bizitzeko. Enplegu egoera aurrez ere ez zen nahi eta merezi duguna eta, pandemia eta honekin lotutako erabakiekin, errealitatea ez da hobetu. Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Emantzipa… Zer? lantaldetik eta atxiki diren 7* elkartetatik ondorengo manifestua plazaratu nahi dugu gaur apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean.
Izan ere enpleguan izan duen eragina oraindik neurtzea zaila da: ERTE mordoa, lanpostua galdu duten langile ugari, lanaldia murriztua ikusi dutenak… Eta, zoritxarrez, kutsatuak izan direnak. Hauek lan gaixotasun bezala kontuan hartuko dira, baina prebentzioko neurri gehiago behar dira saihesteko eta, gainera, oraindik ez daude datu zehatzak. Ezin ahaztu gainera egoera honek emozionalki izan dituen ondorioak: urduritasuna, estresa, ezinegona, beldurra, gogo eta motibazioaren beheraldia, etab.
Datu eguneratuen beharra
Egoera, esan bezala ez da berria. EGKtik urte mordoa daramagu plazaratzen, prekaritatearekin amaitzeko aldarrikatzen eta administrazioari neurri zehatzak eskatzen. Hauek ezarritako helburuak lor ditzaten, ordea, datu gaurkotuak behar dira. Bestela diagnostikatutako errealitatea ez baita zehatza izango. Egun eskura dauden azkenak 2018koak dira, eta gainera 16-24 adin tartekoak bakarrik (24-30 urte artekoak falta dira errealitatea bere osotasunean irudikatzeko).
Kasu guztietan interesgarria da generoka eta lurraldeka ezberdinduta izatea, ahalik eta informazio gehien izatea administraziotatik diseinatutako politika publikoekin arazoari irtenbidea emateko. Izan ere lan osasunean eta arriskuen prebentzioan emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala ez da lortu oraindik. Ildo horretan datu bilketa eta erakusketa homogenizatzea eskatzen dugu, besteak beste adin tarte berdinak ezarriz informazio guztietan.
Prekaritatea noiz arte?
Lanpostuetan edo enpleguaren erruagatik sortutako osasun galera hauek islatzeko hainbat datu ezagutarazi nahi ditugu, besteak beste 16 eta 24 urte bitarteko gazteek 2018an zehar izandako lan istripuak Euskadin: 1.711arin (1.351 gizon eta 360 emakume), 12 larri (12 gizon) eta heriotza bat ere ez. Zoritxarrez, azken urteetan bezala, eguneratu gabeko datuekin lan egin behar dugu, 2019ko datuak ez baitaude eskuragarri oraindik
Hala ere, 2019an EGK-k 5 aldiz aktibatu behar izan zuen Lan Istripuen Protokoloa, horietariko bi kasuetan langile gaztearen heriotzagatik izan zen. Zifrak urtero txarragoak direlaren seinale. Bestetik, ezin ditugu ahaztu ezta oharkabean utzi gaixotasun profesional bat jasaten duten gazteak, haien bizitza pixkana-pixkanaka txikituta ikusten dutelako. Errealitate hau oso larria dela uste dugu, izan ere, haien ibilbide profesionala hasi besterik ez da egin. Eustaten arabera 2018an 136 pertsona gaztek gaixotasun profesional bat izan zuten, horietatik: 67 gizon eta 69 emakume. Hala ere, kontuan izan behar dugu gaixotasun profesionalen azpi-erregistro bat existitzen dela. Izan ere, mutuek kontingentzia arrunten moduan tratatu eta Osakidetzara bideratzen dituzte. Beraz, datu ofizialak baino gehiago izango lirateke.
Gainera, datu hauetatik kanpo geratzen dira gazte asko, kontraturik gabe, langabezian, enplegu bilaketan edo aitorturik gabeko lanetan daudelarik pairatzen dituztelako istripuak edo egoera hauekin loturiko gaixotasunak. Emakumeen kasuan egoera hau are larriagoa da.
Irakur ezazu manifestua bere osotasunean hemen
*Manifestu honetara Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), CCOO Euskadi, Euzko Gaztedi, Gazte Abertzaleak, LSB-USO, Kale Dor Kayiko, EKO-ACG eta Rebeldía atxiki dira.