Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna baliatuz, apirilak 28, gazteok pairatzen dugun prekarietatea eta honek gure ongizatean dituen ondorio latzak salatu nahi izan ditugu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Emantzipa…Zer? enplegu eta gazteria lantaldean batutako hainbat gazte elkarte, kolektibo eta sindikatuok. Lan istripuetatik zein gaixotasunetatik haratago doan egoera bat da eta azkenengo urteetan eman diren murrizketa soziolaboralak direla-eta areagotu besterik ez da egin. Gazteon osasunagatik, prekarietatearekin amaitu!
Lanpostuetan edo enpleguaren erruagatik sortutako osasun galera hauek islatzeko hainbat datu ezagutarazi nahi izan dira, besteak beste, 16 eta 34 urte bitarteko gazteek 2015ean zehar izandako lan istripuak Euskadin: 7.356 arin, 35 larri eta heriotza sortu duten bi. 2016ko datuak eskuragarri ez daudenez ezin dugu aurreko urteko istripu-tasa kuantifikatu. Hala ere, 2016 eta 2017 urtean zehar lan istripu batean hil diren eta 30 urte baino gutxiago zituzten bi gazteengan jarri nahi dugu fokua. Bestetik, ezin ditugu ahaztu ezta oharkabean utzi gaixotasun profesional bat jasaten duten gazteak, haien bizitza pixkana-pixkanaka txikituta ikusten dutelako. 2015ean 92 gazteei onartu zitzaien gaixotasun profesionalen bat eta 24k berriz gaixotze bat izan zuten. Datu hau oso larria dela uste dugu, izan ere, haien ibilbide profesionala hasi besterik ez da egin eta, gainera, aurreko urtea baino altuagoa da.
Irakur ezazu manifestua bere osotasunean hemen
Azkenik, manifestura atxikitu dira: EGK, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, Pastoral Obrera de Bilbao, Gazte Abertzaleak, Ausartzen, Sare Antifaxista, Juventudes Socialistas de Euskadi (JSE-EGAZ), Acción Católica General (EKO-ACG), Berri Otxoak, Federación Vasca de Junior Empresa, Ezker Anitza, Aldarte, Kale Dor Kayiko eta CCOO, ESK, LAB, LSB-USO eta UGT sindikatuak.