Gazteok Bizikidetzan ekitaldia ospatu dugu Nazioarteko Bakearen egunean - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

22 September, 2017

Gazteok Bizikidetzan ekitaldia ospatu dugu Nazioarteko Bakearen egunean

  • Ekintzari hasiera eman dio asiloaren gaia lantzen duen ‘Tras la frontera’ antzezlanak; ostean bizikidetza lantzeko ekintza parte-hartzailean egin da

20 gazte baino gehiagok parte hartu zuten atzo Arriaga plazan Bilboko udalarekin elkarlanean antolatu genuen Gazteok Bizikidetzan ekitaldian. Irailaren 21a Nazioarteko Bakearen eguna da, eta halako egun berezi batean elkarrizketa, gogoeta eta adierazpen artistikorako eremu bat ireki genuen Bizikidetza eta Giza Eskubideen errespetuan oinarritutako kulturaren garapena sustatzeko. Egunaren nondik norakoak sare sozialetan topa ditzakezu #GazteokBizikidetzan traolan.

Ekimenari hasiera emateko Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak halako uneek “Euskadin etorkizunean bizikidetza errealitate bilakatzeko egin beharreko aldaketez gogoeta bat egiteko aukera” ematen digutela azpimarratu zuen. Era berean, Oihane Agirregotiak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Zinegotzi Ordezkariak, bizikidetzarekin lotura duten hainbat balore lantzeko ekitaldiaren garrantzia nabarmendu zuen.

Gazteok Bizikidetzan ekitaldia

Plataforma Tirante kolektibo artistikoak CEAR-Euskadiren parte-hartzearekin sortutako ‘Tras la frontera’ antzezlana izan zen atzoko programako lehen ekintza. Dantza, musika eta antzerkia bateratuz, egungo asilo egoerara hurbildu zituen bertaratutakoak “ante la infranqueable frontera se dan cita cientos de refugiados extenuados y agolpados en busca de un pasaje. ¿Quién entrará?” galderaren bitartez.

Antzerkiaren ostean, dinamika parte-hartzaile labur bat egin genuen. Gazteek egindako irudi eta marrazkien bitartez bizikidetzarekiko hausnarketak partekatu genituen. Abiatze-puntua errazte aldera, hainbat  galdera planteatu genituen: Zein da gazteon konpromisoa bizikidetzarekiko? Zeintzuk dira arlo honetan gure ardura erakartzen duten gaiak? Zer da etorkizunari eskatzen dioguna bizikidetzari dagokionez? Zer eskatuko genioke gizarte nahiz administrazioei?

Azkenik, hamabost minutuko tartea utzi ostean, partaide bakoitzak ‘desiren putzuan’ bizikidetzarekin lotutako desio bat utzi zuen. Asmoa, desira hauek hurrengo ekintzetan erabili, aztertu eta txarrerako nahiz onerako aldaketarik egon den ala ez baloratzeko gordetzea da.

Beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiegu Gazteok Bizikidetzan ekitaldia aurrera eramaten lagundu gaituzten eragile eta norbanako guztiei, baita ostegun arratsaldea gurekin igarotzera animatu zineten gazteoi. Hemen ikus ditzakezue ekimeneko hainbat argazki. Ea zer iruditzen zaizuen! Edozerekin konta iezaguzue berdintasuna@egk.org edo bakea@egk.org helbideetan.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.