Gazteak eta memoria saioa BilboRocken! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

25 April, 2018

Gazteak eta memoria saioa BilboRocken!

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Foro Sozial Iraunkorrarekin batera, “Gazteak eta memoria: elkarrekin bizitzeko solastu” saioa antolatuko du maiatzaren 10ean, arratsaldeko 18:30ean BilboRocken.

Helburua gazteok bizikidetzarekiko eta memoriarekiko ditugun gogoetak aztertu eta esperientziak elkarbanatzea da. EGK-ko dokumental baten proiekziotik abiatuz, dinamika parte-hartzaile batekin jarraituko dugu. Honela, saioak bi zati izango ditu:

Gazteon aukera: elkarbizitzaren erronka dokumentalaren proiekzioa

Dokumental honek EGK-k, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin batera, bake positiboaren eraikuntzan egindako lana jasotzen du. Bi urtetan zehar (2014-2016) egindako lanaren isla da, non 250 gazte baino gehiagok parte hartu zuten bake eta bizikidetza kultura sustatzeko EGK-k antolatutako hainbat ekintzetan. Filmean ekimen hauetan parte hartu zuten hainbat gazteren gogoetak, ideiak eta esperientziak jasotzen dira. Honetaz gain, 30 urtetan zehar EGK-k gai hauek nola landu dituen islatzen du. Bizitzari eta desberdinari errespetua ezinbesteko balore izan dira enpatiatik abiatuz irtenbide partekatuak eraikitzeko.

“Sufrimenduaren kartografia integral baterantz” dinamika parte-hartzailea

Foro Sozialak dionez, gaur egun gatazkaren ondorioen inguruan jardutea oinarri-oinarrizko ariketa bat da egiari, gertatutakoaren errelatoari eta memoria indibidual eta kolektiboari ekarpen bat egiteko. Dinamika honetan ariketa bat proposatzen dizuegu. Testuinguruan sorrarazitako sufrimendu mota guztiak identifikatzea, alegia. Bakoitzaren esperientziatik osatutako kartografia hau bizikidetza lekukotuko den agertoki bat eraikitzeko tresna izatea nahi genuke.

Gai hauekiko gogoetak gurekin elkarbanatzeko interesa baduzu ez galdu aukera eta etorri zaitez maiatzaren 10ean 18:30ean BilboRockera! Izena emateko hemen. Edozein zalantza edo galdera argitzeko deitu 943 42 97 67 telefonora edo idatzi bakea@egk.org helbidera.

Gogoratu! EGK-ko ekintzak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. EGKren ekintzetara joateko garraio publikoko gastuak beti ordaintzen dira. Zure autobus, tren, metro… txartel originalak edo Internet bitartez jaitsitakoak eta guk erraztuko dizugun gastu orria beteta ematearekin, gastatutakoa bueltan izango duzu.

Gazteak eta memoria saioaren kartela

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.