Emantzipazioa eta etxebizitza batera sarbidea izatea oinarrizkoak dira bizitza prozesu autonomo bati ekiteko, eta lazgarria da euskal gazteen egoera: 29,7 urtekoa da batez besteko emantzipazio adina Euskadin, eta 30 urtetik azpikoen % 16,3 soilik daude emantzipatuta. Hori, noski, oso urrun dago gazteen nahietik, 24 urteak jotzen baitituzte, oro har, emantzipatzeko adin egokitzat.
Etxebizitzaren merkatuak ez du egoera hau errazten: Euskadiko etxebizitza parke publikoa ez da parke osoaren % 2ra ere iristen, eta beraz, logika pribatuetan mugitzen da ia etxebizitza batera sarbidea izan nahi duen oro. Gainera, etxebizitza ereduen aniztasuna oso da urria, eskaintzaren gehiengoak familia tradizional nuklearrari erantzuten jarraitzen baitu.
EGK-k etxebizitza parke publikoa modu esanguratsuan handitzeak duen premia azpimarratu izan du, baita elkarbizitza feministagoak ahalbidetuko dituzten etxebizitza ereduak esploratzekoa eta sustatzekoa ere. Jorratzeko eredu horietariko batzuk dira, besteak beste, etxebizitza kooperatibak, belaunaldi arteko etxebizitzak, edota cohousingak.
Eredu horietan jarri zuen jada EGK-k fokua Donostia Gazteriarekin batera, etxebizitza kolaboratiboen inguruko 2021ko jardunaldian. Ekitaldi hartako ondorioetako bat izan zen belaunaldi arteko eredua erakargarriagoa zitzaiela hirugarren adineko pertsonei, gaztekin alderatuz. Azken horien artean ereduaren inguruko ezjakintasuna edota interes falta nabaria da, tamalez.
Horregatik, aurten, EGK-k gaiari berriz heldu dio eta gazteen artean zabaltzeko hautua egin du. Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuak sustatzeko prestutasuna agertu baitu, batetik, Emantzipazio Estrategian, eta bestetik, onura izugarriak lekarzkeelako gazteentzat: ez soilik gazteei aukera ematen dielako etxebizitza batera sarbidea izateko euren soldataren zati txiki bat bideratuta, baizik eta gainera, komunitate-espazioei eta -ehundurari leku egiten dielako eredu honek.
Gazteak eta belaunaldi arteko etxebizitzak jardunaldia antolatu du EGK-k, hortaz, Donostia Gazteriarekin batera; azaroaren 22an, izango da, arratsaldeko 18:30ean, San Telmo Museoko areto nagusian. Bertan, belaunaldi arteko etxebizitzei ertz desberdinetatik heldu dieten gazteak izango dira mahai inguruko hizlari, euren hausnarketak, ikerketak eta esperientziak partekatzeko. Lau proiektu edo egitasmo izango dira hizketagai: Usurbilgo Txirikorda, Arrasateko La Merced proiektua, Alicanteko Plaza América, eta Kuvu. Eredu hau gazteengandik gazteengana transmititzea, gazteentzako dituen onurak zein erronkak azaltzea eta administrazioari ere gazteek eredu honekiko duten iritzia eta beharra helaraztea izango da helburua.
Saioa ixteko, gainera, Barrexerkako gazteak izango ditugu gurean, eta ez da umorerik faltako.
Etorri nahi baduzu, eman izena hemen.
Informazio gehiago edo galderarik izatekotan idatzi etxebizitza@egk.eus helbidera edo deitu 688737092 (Ane) zenbakira.