Uda bukatu da eta uste dut 2020. urteko uda arraro hau ez dugula inoiz ahaztuko. Zenbat aldaketa bizi izan ditugun konfinatu gintuztenetik. Bidaiatzeko aukera izan dutenek, orokorrean, bidaia ezberdinak egin dituzte. Udako jai giroa desagertu egin da eta gure artean harremantzeko era guztiz aldatu da. Irribarreak musukoaren atzean ezkutatu dira eta begiradak indarra hartu behar izan dute sentipenak ondo adierazi ahal izateko.
Begiradek indarra hartzen duten heinean, begiratzeko erak balio ezberdin edota berezi bat hartzen du. Ildo honetan, udan zehar hainbat egoera kezkagarri ikusi ditugu. Egunero ikusi dugu jendea arauak hausten edota ez errespetatzen. Gizarteko kolektibo eta adin-tarte ia guztietan. Hala ere, zein izan da egunero medioetan eta kalean entzundako diskurtsoa? Orokorrean, bakarra.
Titular kezkagarriak ikusi ditugu hainbat hedabidetan, bai prentsan zein telebistan edo irratian. Une oro gazteengan jarrita fokua, gazteak eta arduragabekeria eskutik joango balira bezala. Hori da behintzat islatu dena. Baina, erraza izan al da gaztea izatea pandemia garaian?
Pandemia dela eta alarma egoera ezarri ea gutxira Gazteen Euskal Behatokiak #EsanNolaDramazun ikerketa argitaratu zuen. Galdetegia erantzun zutenen %30a hasieratik boluntariotza sareetan izen emanda zegoen eta beste %30ak sartzeko asmoa zuela adierazi zuen. Aldi berean, gazte sare berriak sortu ziren, bereziki, pertsona nagusiei laguntza eskaintzeko, eraikineko deialdiak egiteko edo ikasleek haurrak zaintzeko prestutasuna erakusteko. Honek, ordea, ez du hainbeste oihartzun izan.
Gainera, laguntza hori emateko prestutasuna erakusten eta sareak sortzen genituen bitartean gure lan baldintzak kaskartzen zihoan. Prekaritatea, lanaldi partzialak edo soldata baxuak ohikoak ziren aurrez ere. Zer esan emakume gaztea edo ‘ohiko gizon eredutik’ aldentzen den kolektiboren bateko kide izanez gero: aniztasun funtzionala, arrazializatuak, ikasketa gabekoak, egoera zaurgarrian bizi direnak, etab. COVID-19ak sortutako krisi multisektorialak arraila hauek lehen planoan azalarazi ditu eta izugarri sakondu. Esate baterako, hainbat gazte ERTEra bidali dituzte, beste hainbatek ikasketetan arazoak izan dituzte. Hori dela eta, gure bizitza proiektua sortzeko aukerak prekarioak baziren ere, egoera honek areagotu du. Bizitza proiektu duin bat egitea gero eta urrunago ikusten dugu.
Irudi ezkorren indarra
Hala ere, azken hilabetetan, gazteoi bideratutako kritika gogorrak entzun eta irakurri behar izan ditugu. Horrek asko arduratzen gaitu. Pandemian zehar eskaini dugun guztia, aurrez pairatutako errealitatea eta egoerak sortutako buruhauste berriak segituan ahaztu direlako eta hatz guztiek arazo ororen errudun bezala seinalatu gaituztelako. Foku oro gazteoi begira jarri da eta erabilitako hitzak oso gogorrak izan dira. Azken hiletan emandako kriminalizazio dela eta oso arduratuta gaude.
Gizartean aniztasun handia dago eta berdina gertatzen da gazteon artean ere. Ikusi den bezala, arauak bete ez dituztenak adin-tarte guztietan egon dira, gazteak eta ez hain gazteak. Baina ezin ditugu ahaztu, egunero gizartearekiko errespetua eta konpromisoa adierazi dutenak. Kasu batzuengatik ezin da orokortu eta kolektibo oso bate zaku berdinean sartu. Hainbat gazte boluntario ditugu elkarte zein sareetan. Urtean zehar, aste-bukaeretan, udan… Baita bizi dugun egoera berezi hori erantzuteko. Udaran zehar gazte begiraleak zein elkartegintzako gazteak ikusi ditugu egoera berrira egokitzeko erabaki zein neurri berriak hartzen. Egunero ikasle zein langile arduratsuak ikusten ditugu. Osasun lanetan ere, hainbat gazte prest egon dira gradua amaitu aurretik lanean jartzeko ahal den neurrian laguntza eskaintzeko. Beraz, gizarte honetan, gazte arduratsu asko daude.
Ezin dugu egindako guztia ahaztu. Gazteak anitzak gara eta baditugu gure gizartean egunero gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatzen diren gazteak. Horregatik, merezi al du gazte guzti hauen esfortzua ahaztea? Euskadiko Gazteriaren Kontseilua oso argi dauka, gazteria orokorrean, arduratsua dela eta denborarekin erakusten jarraituko dugu.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-09-29
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian