Zoritxarrez, substantziarik gabeko adikzioen gaia ez da oso publikoa. Hedabideetan lantzen bada orokorrean modu ezkorrean egiten da, irudi estereotipatu edo drama eta morbo egoeraren batez jantzia. Horregatik, pasa den ostiralean aurkezteko “Substantziarik gabeko adikzioak astialdian. Gazte eta nerabeekin lantzeko tresnetan sakontzen” topaketa antolatu genuen. Itzaletatik atera, lehen lerroan jarri eta modu eraikitzailean lantzeko.
Lehenik, euren egunerokoan gazte zein nerabeekin substantziarik gabeko adikzioak lantzen dituzten Ortzadar eta Ekintza-Aluviz elkarteen esperientzia ezagutu genuen: prebentziorako tresnak, euren errealitatea, gaia jorratzeko bideak, erantzun egokiena emateko modua, etab. Ostean Unai Garma gaztearen lekukotza ezagutu genuen. Jarraian duzun bideoan protagonistek sakonago azaltzen dute jardunaldian egindakoa.
Lehen pausua
Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin topaketa hau lehen pausua izan zen. Izan ere, adikzio hitza entzuten denean aurreiritzi eta estereotipo mordoa aktibatzen dira gure iruditegian oraindik. Hauek deseraiki, prebentzioa indartzeko politika eta baliabide gehiago eta beharra duten gazteei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko programak garatzeko lanean jarraituko dugu EGKtik.
Substantziarik gabeko adikzioen jardunaldia berriro ikusi nahi baduzu hemen duzu streaming bidez egindako emisioa, baita sareetan egindako jarraipena. Eta zalantzarik izanez gero, ekarpenik egin nahi badiguzu edo hurrengo urtean emango ditugun pausuen berri izateko, idatzi hezkuntza@egk.eus / bizibaldintzak@egk.eus helbideetara edo deitu 944436143 (Irati) edo 945220601 (Oihana) zenbakietara.