2018ko maiatzak 3 eta 4: Gasteizko Gazte Planaren jardunaldiak

23 April, 2018

Formakuntza duala Hiruburua eta ‘EGK parte-hartze prozesu bezala’

2016an egindako jardunaldietan ondorioztatu zen gazteriak bizitza-proiektu jasangarriak eraikitzeko zailtasun handiak zituela. Horren arrazoi nagusia enplegu urria, kalitate gutxikoa eta lan baldintza prekarioak dira. Irtenbideak bilatzeko eta gazteok proposamenak egin ahal izateko maiatzaren 3an eta 4an Europa Jauregian Gasteizko Udaletxeak #GasteizGazteaEraikitzen jardunaldiak antolatu ditu, IV. Gazte Planaren (2017-2019) erdibidean mugarri izan daitezen. Hauen barruan Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) bi ekintzetan parte hartuko du. Alde batetik, Formakuntza duala aztertzeko Hiruburua; eta, bestetik, ‘EGK parte-hartze prozesu bezala’ hitzaldia. Hemen duzu programa osoa.

Formakuntza duala Hiruburua

Europa mailan erreferente den formazio-eredua da eta aspaldian errotzen ari da EAEn. Nagusiki Lanbide Heziketan ezarri bada ere, Unibertsitate mailan aplikatzen hasi dira, Deustu eta Egibide Gasteizen edo UPV/EHUn esaterako. Horregatik, Formakuntza duala euskal gazteriarentzat aukera ona izan litekeen baloratzeko, egungo egoera aztertu nahi dugu zurekin batera 17:30ean Europa Jauregiko La Hechicera aretoan antolatutako ekimen honetan.

Hiruburuak dinamikaren bitartez —hau da, politikariak, teknikariak eta gazteak mahai baten inguruan biltzea gaia jorratzeko— gazteon esperientziak administrazio eta arduradun politikoei helarazi nahi dizkiegu, ostean denon artean alde onak eta txarrak identifikatzeko eta hauek hobetu edo konpontzeko proposamenak bilatzeko. Izan ere, formakuntza duala ikasketak eta lan munduaren arteko zubiak eraikitzen lagunduko duen sistema bat dela aurreikusten da. Orain zure iritziarekin osatu nahi dugu.

EGK parte-hartze prozesu bezala

Bigarren egunean, maiatzaren 4an, gazteen parte-hartze eredu desberdinak lantzeko mintegia izango da 9etatik 10:30era. Bertan, EGK-ko lan-arloetako lantaldeen esperientzia oinarri bezala harturik, parte-hartzea zein modutan landu dugun azalduko du Xuban Zubiria Elexpek, EGK-ko parte-hartze teknikariak.

EGK-k gazteriaren eta administrazioen arteko zubi-lana egiten du eta, zentzu horretan, beti jo izan dugu garrantzitsutzat Euskadiko gazteen artean parte-hartzea sustatzea eta erabakiak hartzerako orduan eta politika publikoen lanketan gazteen ahotsa eta iritzia kontuan izatea.

Gurekin izango dira mintegian Etxegorri auzo elkartea, 12 nubes kolektiboa eta Ibaguéko esperientzia (Colombia).

Izena eman nahi baduzu edo informazio gehiago behar baduzu, sar zaitez hemen.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.