Urteak dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) etxebizitza azterketa-gai nagusi duela, eta 2020tik, etxebizitza genero ikuspegitik jorratzen da Udaleko Donostia Gazteriarekin batera. Aurtengo ekimenaren izena Etxeko Giltza Moreak. Etxebizitza sarbidea ikuspuntu feministatik izango da. Izan ere, gazteek emantzipatzeko aukera urriak badituzte, egoera hau larriagoa da emakume gazteen kasuan, zorpetze handiagoak jasan behar baitituzte emantzipatzeko, batez ere gipuzkoarren eta gazteenen (18-24) kasuan. Aldiz, emantzipazio tasa altuagoa dute emakume gazteek (%22) gizonek baino (%14), hau da, emakumezko gazteak lehenago emantzipatzen dira gizonezkoak baino.
Zein mekanismo daude honen atzean? Zer eragin du honek emakume gazteek emantzipatzeko egiten dituzten aukeretan? Bikotekidearekin, familia ala beste pertsona batzuekin loturak, mendekotasunak eta zorpetze egoera handiagoak bizi al dituzte emakumeak etxebizitzarako sarbidean?
EGK-k, Udaleko Donostia Gazteriarekin elkarlanean, fenomeno honen inguruan sakontzeko jardunaldi bat antolatu du, urriaren 6an, 18:30tatik 20:00tara, Donostiako San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. Bertan, lehenik eta behin, gaiaren inguruan eginiko azterlana aurkeztuko da, datuez gain, uztailean gai honen inguruan gazteek erantzuniko galdetegi baten emaitzak eta ondorioak bilduz. Ondoren, Formol Laborategiak jarraituko du, podcast antzerkitu baten bidez, umoretik hari berdinari tiraka.
Jardunaldira etortzeko nahikoa da izena ematea, https://labur.eus/etxekogiltzamoreak estekan ala www.egk.eus webgunean.
Informazio gehiago nahi izatekotan edo galderarik izatekotan idatzi etxebizitza@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbidetara edo deitu 688737092 (Ane) / 615749929 (Leire) zenbakietara.