16 September, 2025

ETXEAREN ERRAIAK: etxearen iruditeria auzitan

Solasaldia Leire Vargas idazle eta itzultzailearekin

Etxea, bere adiera hertsian, bizitzeko baliatzen den egitura arkitektonikoa da: norbanakoei gure bizitzak garatzeko espazioa eta aterpea eskaintzen diguna. Ordea, etxea eraikuntza sinbolikoa ere bada, familiarekin, intimitatearekin, ametsekin eta bestetzuekin erlazionatzen diren irudikapenez ondurikoa, eta “etxean bezala inon ez” gisakoak pentsatzera garamatzana.

Jakina da, hala ere, etxea biolentziarentzat gotorleku ere izan daitekeela, emakumeek bizitzen eta pairatzen dituzten hainbat indarkeriak etxearen esparru pribatuan hartzen baitute leku: ordaindu gabeko etxeko-lanek bultzatutako lanaldi amaigabeek, baliabideak ez izateagatik jasan beharreko biolentzia materialak edota, muturreko kasuetan, zuzeneko indarkeriak.

Hori guztia hizpide izateko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ekitaldi bat antolatu du. Ekitaldian, arte lehiaketako sariak banatzeaz gain, Leire Vargas idazle eta itzultzailearekin izango dugu solasaldia. Irailaren 25ean izango da, 18:00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean.

Ekitaldira etorri nahi baduzu, eman izena hemen: https://bit.ly/etxerraiak

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.