7 May, 2025

ETXEAREN ERRAIAK: arte lehiaketa

Arte lehiaketa: etxearen iruditegia auzitan

Etxea, bere adiera hertsian, bizitzeko baliatzen den egitura arkitektonikoa da: norbanakoei gure bizitzak garatzeko espazioa eta aterpea eskaintzen diguna. Ordea, etxea eraikuntza sinbolikoa ere bada, familiarekin, intimitatearekin, ametsekin eta bestetzuekin erlazionatzen diren irudikapenez ondurikoa, eta “etxean bezala inon ez” gisakoak pentsatzera garamatzana.

Jakina da, hala ere, etxea biolentziarentzat gotorleku ere izan daitekeela, emakumeek bizitzen eta pairatzen dituzten hainbat indarkeriak etxearen esparru pribatuan hartzen baitute leku: ordaindu gabeko etxeko-lanek bultzatutako lanaldi amaigabeek, baliabideak ez izateagatik jasan beharreko biolentzia materialak edota, muturreko kasuetan, zuzeneko indarkeriak.

Gauzak horrela, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) arte lehiaketa bat antolatu du, gazteek etxebizitzaren inguruko iruditegi sozialaren eta iruditegi horren arrakalen inguruan dituzten sentimenduak, gogoetak eta ikuspuntuak isla ditzaten.

Zer egin behar da?

Etxebizitzaren iruditegi sozialaren inguruan lan bat ontzea, nahi den adierazpide artistikoa erabilita: poema bat, testu narratibo bat, bertso bat, ilustrazio bat, argazkigintza… Zehazki, genero ikuspuntua aintzat izatea baloratuko da, eta etxeak ezkuta ditzakeen biolentzia mota ezberdinei erreparatzea: indarkeria matxista, lanaren banaketa…

Ondutako lana berdintasuna@egk.eus edo etxebizitza@egk.eus helbideetara bidali beharko da. Lana bideotatik bidali ezin izatekotan, EGKren hiru bulegoetako batera hurbildu ahal izango da. Formatuaren arabera, lanaren argazkiak ere onartuko dira.

Epeak

    • Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 18an amaituko da. Beraz, egun horren ondoren bidalitako proposamenak ez dira aintzat hartuko.
    • Irailaren 12an irabazleak iragarriko dira.
    • Irailaren 25ean, sari-banaketa egingo da Donostian egingo den ekitaldi baten baitan.

Sariak:

Sari bereziak jasoko dituzten hiru irabazle egongo dira. Sari horien artean daude:

  1. Donostiako “La Perla Spa”n erlaxatzeko egun baterako sarrerak (bi pertsona).
  2. Kursaalerako opari txartela (100 euro).
  3. Elkar dendarako txartela (50 euro).

Parte hartzera eta zuen ikuspegia eta sentimenduak partekatzera animatzen zaituztegu. Interes handiz espero ditugu zuen proposamenak!

Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 615749929 (Leire) / 688737092 (Maddi) zenbakietara edo idatzi berdintasuna@egk.eus edo etxebizitza@egk.eus helbideetara.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.