Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.
Testuinguru horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen eta Biktimen Atentzioaren Zuzendaritzarekin (Justizia eta Giza Eskubideen Sailera atxikituta) eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailera atxikituta) batera.
Programaren helburua
Etikasi giza eskubideetan sostengatutako hezkuntza-proiektua da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena; hots, enpatiaren aldeko hautua egiten du. Programaren helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, Auschwitzera (Polonia) bisita hezitzaileak eginez. Leku horietan motibazio politikoko indarkeriak markatutako giza eskubideen urraketak gertatu dira, eta bizikidetza erronka gisa ulertzen da, bai tokiko mailan zein maila globalean.
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Modu horretan, giza duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-esperientzia sustatzen dugu, lehen pertsonan ulertzen eta bizitzen hasita.
Parte hartzeko baldintzak
EAE barnekoak diren ikastetxeetakoak diren Batxilergoko 1. mailako ikasgelak aurkeztu ahalko dira (gehienez, 30 ikasle). Ikastetxe bakoitzak, gehienez, bi eskaera aurkeztu ahal izango ditu deialdira (ikasgelako bat) eta irakaslearekin batera joango da ikasgela bidaietara.
Parte hartzeko, bi pauso jarraitu behar dira:
- Izen emate orria bete. Izen-ematea ikasgelako tutoreak egin beharko du.
- Bideo bat aurkeztu. Giza eskubideen gaia lantzen duen bideo bat egin beharko da. Bideoak proposatutako gaiarekin lotutako alderdiak aurkeztu eta horien gainean hausnartu beharko du. Bideoak gehienez 4 minutuko iraupena izan behar du. Edozein gailu elektroniko erabili ahalko da (argazki-kamera, bideokamera, mugikorra…), betiere bideoaren kalitatea bermatzen bada. Irudi eta soinu guztiak autore eskubide gabekoak izango dira. Hainbat generotako bideoak onartuko dira: muntaketa fotografikoak, gidoi teatralizatuak, dokumentalak, ilustrazio animatuak, ikus-entzunezko poemak, kronikak, etab. Bideoa YouTubera igo beharko da, horizontalean, eta fitxa hau bakea@egk.eus helbidera bidali.
Hautaketa prozesua
Deialdiko oinarrietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten bideoak ondorengo balorazio-irizpideak kontuan izanda ebaluatuko dira:
- Originaltasuna eta sormena (2 puntu)
- GGEEak modu zuzenean lantzea (2 puntu)
- Protagonistak gazteak izatea (2 puntu)
- Genero ikuspegia izatea (2 puntu)
- Kalitate teknikoa (puntu 1)
- Hizkuntza eta Kultura aniztasuna (puntu 1)
Epaimahaia Hezkuntza, Giza Eskubide eta Kultura arloetako pertsona ezagunez osatua egongo da, eta EGK-ko pertsona bat ere egongo da. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak baztertzeko edo deskalifikatzeko.
- Maite Alonso (Euskadiko Eskola Kontseiluko Zuzendaria).
- Begoña Guzmán (UN Etxea).
- Verónica Domingo (Giza Eskubideen eta Biktimei Atentzioko Zuzendaritzako teknikari arduraduna).
- Iratxe Uriarte (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua).
Data garrantzitsuak
Hauexek dira hautaketa prozesuko epeak:
Izen-ematea: otsailak 10 – martxoak 14
Bideoaren bidalketa epea: martxoak 21 (23:59)
Ebazpena: apirilak 7
Bidaien aurreko formakuntza: maiatza-ekaina
Poloniara bidaia: ekainak 17-20
Itxiera saioa: iraila
Hautatze-prozesua amaitzen denean Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ebazpena komunikatuko die parte hartzaile guztiei.
Parte-hartzearen onarpenak bidaia aurretik izango den 6 orduko formakuntza ezinbestean egitea dakar. Bidaiaren ostean bigarren lan bat egin beharko da bisitatu den leku europarrean eta Euskadin gertatutakoaren memoria kritikoek komunean dituzten elementuak identifikatzeko.
Etikasi programan parte hartzeko hautatua izan den ikasgelak ebazpena jakinarazten denetik 10 egun naturaleko epea izango dute, gehienez, euren parte-hartzea berresteko.
Gastu guztiak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…).
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Mónica) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.