23 January, 2026

Etikasi-Ipar Irlanda 2026 programarako deialdia ireki da

Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.

Testuinguru horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen eta Biktimen Atentzioaren Zuzendaritzarekin (Justizia eta Giza Eskubideen Sailera atxikituta)  eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailera atxikituta) batera.

Programaren helburua

Etikasi giza eskubideetan sostengatutako hezkuntza-proiektua da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena; hots, enpatiaren aldeko hautua egiten du. Programaren helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, eta, horretarako, Ipar Irlandara eta Euskadira bisita hezitzaileak antolatzen dira. Leku horiek motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten lurraldeak dira, non bizikidetza erronka gisa ulertzen den, bai tokiko eremuan, bai maila globalean.

Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Modu horretan, giza duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-esperientzia sustatzen dugu.

Etikasiren aurreko esperientzien ondoren, aurten ere bi bidaia egingo dira: bost eguneko bidaia Ipar Irlandara (Belfast eta Derry) eta asteburu bat Euskadiko udalerri batzuetan (Pasaia eta Errenteria).

Parte hartzeko baldintzak

18 eta 30 urte bitarteko EAEko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleek izango dute parte hartzeko aukera.

Interesdunek honako dokumentu hauek bidali behar dituzte martxoaren 6rako 23:59ak arte:

  • Izen-emate galdetegia bete.
  • Burutzen ari diren ikasketen onarpen-ziurtagiria (matrikula, adibidez).
  • Ingeleseko B2 mailaren ziurtagiria (aukerakoa). Ziurtagiri hori aurkeztea derrigorrezkoa ez den arren, parte-hartzaileek Ipar Irlandara egindako bidaian zehar komunikatzeko eta informazioa ulertzeko behar adinako ingeles maila izatea eskatzen da.
  • Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonala (1.200 eta 1.500 hitz artean). Idazlanean honako alderdi hauek baloratuko dira: originaltasuna, gogoeta kritikoa eta pertsonala, interesdunak giza eskubideen inguruan izan dituen aurretiazko esperientziak, galderak eta proposamenak planteatzea, euskal gizartean giza eskubideen inguruan dauden erronken inguruan hausnartzea. Testua euskaraz zein gaztelaniaz idatz daiteke.

Bidali beharreko dokumentu zein fitxategi guztiak bakea@egk.eus helbidera bidali behar dira “Etikasi 2026” gaiarekin.

Programan parte hartzea onartzen duten pertsonek bidaien aurretik eskainiko den formakuntza eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dituzte.

Hautaketa prozesua

20 pertsonentzako plazak daudenez, hautagaien ebaluazioa egingo duen epaimahai bat izendatuko da.

Epaimahaia Hezkuntza, Giza Eskubide eta Kultura arloetako pertsona ezagunek osatuko dute, baita EGK-ko teknikari batek eta Presidentziak ere. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez onartzeko edo deskalifikatzeko.

Aurkeztutako hautagaitzen lehen ebaluazioa idatzietan oinarrituta egingo da. Hortik aurrera, hautagaietako batzuk bigarren fasera igaroko dira: epaimahikideekin egin beharreko banakako elkarrizketa. 

Data garrantzitsuak

Hauek dira hautaketa prozesuko epeak:

Izen-emate epea: urtarrilak 26 – martxoak 6 (23:59)
Lehenengo faseko ebaluazioko emaitzak: martxoak 23

Banakako elkarrizketak: apirilak 13, 14 eta 15
Ebazpena: apirilak 20
Bidaien aurreko formakuntza: ekaina
Ipar Irlandara bidaia: uztailak 2-7
Euskadira bidaia: urriak 2-4
Itxiera saioa: urria

Hautatze-prozesua amaitzen denean emaitzak jakinaraziko dira eta Euskadiko  Gazteriaren Kontseiluak komunikatuko die ebazpena parte hartzaile guztiei.

Parte-hartzearen onarpenak bidaia aurretik egingo den 6 orduko formakuntza derrigorrez egitea dakar.

Etikasi programan parte hartzeko hautatutako pertsonek ebazpena jakinarazten denetik 10 egun naturaleko epea izango dute, gehienez, euren parte-hartzea berresteko.

Gastu gehienak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…). Baina, ADI! Belfastera joateko ETA-UK ziurtagiria norberak eskuratu eta ordaindu beharko du!!! Ziurtagiria beharrezkoa da Belfastera joateko, eta hori eskuratzeko behar den informazio guztia emango zaio parte-hartzaileari.

Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago behar baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Mónica) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.