Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.
Testuinguru horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen eta Biktimen Atentzioaren Zuzendaritzarekin (Justizia eta Giza Eskubideen Sailera atxikituta) eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailera atxikituta) batera.
Programaren helburua
Etikasi giza eskubideetan sostengatutako hezkuntza-proiektua da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena; hots, enpatiaren aldeko hautua egiten du. Programaren helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, Ipar Irlandara eta Euskadira bisita hezitzaileak eginez. Leku horiek motibazio politikoko indarkeriak markatutako giza eskubideen urraketak izan dituzte, eta bizikidetza erronka gisa ulertzen da, bai tokiko mailan zein maila globalean.
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Modu horretan, giza duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-esperientzia sustatzen dugu, lehen pertsonan ulertzen eta bizitzen hasita.
Etikasiren aurreko esperientzien ondoren, aurten ere bi bidaia egingo dira: bost eguneko bidaia Ipar Irlandara (Belfast eta Derry) eta asteburu bat Euskadiko herri batzuetan (Pasaia eta Errenteria).
Parte hartzeko baldintzak
18 eta 30 urte bitarteko EAEko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleek izango dute parte hartzeko aukera.
Interesdunek honako dokumentu hauek bidali behar dituzte martxoaren 16rako 23:59ak arte:
- Izen-emate galdetegia bete.
- Egiten ari diren ikasketetan onartuak izanaren ziurtagiri bat (matrikula, adibidez).
- Ingeleseko B2 maila frogatzen duen ziurtagiria. Baldintza honen helburua interesdunak ingelesaren gutxieneko ezagutza izatea da, Ipar Irlandako bidaia medio.
- Giza eskubideei buruzko hausnarketa propioa (1200 eta 1500 hitz artean). Idazlanean honako alderdi hauek baloratuko dira: originaltasuna, gogoeta kritikoa eta pertsonala, interesdunak giza eskubideen inguruan izan dituen aurretiazko esperientziak, galderak eta proposamenak planteatzea, euskal gizartean giza eskubideen inguruan dauden erronken inguruan hausnartzea. Euskaraz zein gaztelaniaz izan daiteke.
Bidali beharreko dokumentu zein fitxategi guztiak bakea@egk.eus helbidera bidali behar dira “Etikasi 2025” gaiarekin.
Programan parte hartzea onartzen duten pertsonek bidaien aurretik eskainiko den formakuntza eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dituzte.
Hautaketa prozesua
20 pertsonentzako plazak daudenez, hautagaien ebaluazioa egingo duen epaimahai bat izendatuko da.
Epaimahaia Hezkuntza, Giza Eskubide eta Kultura arloetako pertsona ezagunek osatuko dute, baita EGK-ko kide batek ere. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez onartzeko edo deskalifikatzeko.
- Andima Prieto (Euskadiko Gazte Kontseilua)
- Eva Quiroga (UN Etxea)
- Laura Pérez (Giza Eskubide eta Biktimen Atentziorako Zuzendaritza)
- Mónica de Albillos (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua).
Izena ematen duten ikasleek banakako elkarrizketa bat izango dute epaimahaiarekin.
Data garrantzitsuak
Hauexek dira hautaketa prozesuko epeak:
Izen-emate epea: otsailak 10 – martxoak 16 (23:59)
Banakako elkarrizketak: martxoak 31, apirilak 1 eta 2
Ebazpena: apirilak 7
Bidaien aurreko formakuntza: maiatza-ekaina
Ipar Irlandara bidaia: uztailak 4-8
Euskadira bidaia: urriak 3-5
Itxiera saioa: urria-azaroa
Hautatze-prozesua amaitzen denean emaitzak jakinaraziko dira eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak komunikatuko die ebazpena parte hartzaile guztiei.
Parte-hartzearen onarpenak bidaia aurretik izango den 6 orduko formakuntza ezinbesteak egitea dakar. Bidaiaren ostean bigarren lan bat egin beharko da bisitatu den leku europarrean eta Euskadin gertatutakoaren memoria kritikoek komunean dituzten elementuak identifikatzeko.
Etikasi programan parte hartzeko hautatutako pertsonek ebazpena jakinarazten denetik 10 egun naturaleko epea izango dute, gehienez, euren parte-hartzea berresteko.
Gastu gehienak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…). Baina, ADI! Belfastera joateko ETA UK ziurtagiria norberak eskuratu eta ordaindu beharko du!!! Ziurtagiri hori apiriletik aurrera Belfastera bidaiatzeko beharrezkoa izango da eta 12 euro baino gutxiago balioko du (aurrerago informazioa bidaliko dizuegu).
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Mónica) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.