Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.
Testuinguru horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen eta Biktimen Atentzioaren Zuzendaritzarekin (Justizia eta Giza Eskubideen Sailera atxikituta) eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailera atxikituta) batera.
Programaren helburua
Etikasi giza eskubideetan sostengatutako hezkuntza-proiektua da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena; hots, enpatiaren aldeko hautua egiten du. Programa honen helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, eta horregatik, hain zuzen ere, Poloniara, Ipar Irlandara eta Euskadira bisita hezitzaileak egiten dira.
Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Giza duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-esperientzia bat bultzatzen dugu.
Norentzat dago zuzenduta?
Programak bi modalitate ditu, zuzentzen den gazte taldearen arabera.
Lehen taldea: Polonia. Ikastetxeei eskaintzen zaie modalitate hau, Batxilergoko 1. mailako ikasgelentzat (30 ikasle, gehienez). Krakoviara (Polonia) joango da ikasgela ekainaren 13tik 16ra. Bertan, Krakovia eta Auschwitz bisitatzeko aukera izango dute.
Bigarren taldea: Ipar Irlanda eta Euskadi. 18 eta 30 urte bitarteko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko 20 gaztek izango dute parte hartzeko aukera. Bi bidaia egingo dituzte: uztailaren 2tik 7ra Ipar Irlandara (Belfast eta Derry) eta urriak 2tik 4rako asteburua Euskadin (Pasaia eta Errenteria) igaroko dute.
Nola har dezaket parte?
Etikasi programan parte hartzeko plaza mugatuak daudenez, hautaketa prozesu bat egingo da, eta modalitate bakoitzean parte hartzeko baldintzak desberdinak dira.
Lehen taldea: Polonia. Parte hartzeko, hurrengo pausoak jarraitu behar dira:
- Ikasgelako tutoreak bete beharreko izen ematea osatzea.
- Ikasleek egindako giza eskubideen gaia lantzen duen bideo bat eta fitxa aurkeztea.
- Bideoaren inguruko idatzizko taldearen hausnarketa egin: zergatik aukeratu den gaia, nola izan den sormen prozesua, nola landu den gaia, erabakiak hartzeko modua, adostasunak eta desadostasunak kudeatzeko prozesua, ikasle eta irakaslearen rola… gehienez bi orrialde.
Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia hemen.
Bigarren taldea: Ipar Irlanda eta Euskadi. Kategoria honetan parte hartu dezaketen gazteek honakoa egin beharko dute:
- Izena eman
- Ikasturte honetako ikasketen matrikula
- Ingeleseko B2 maila dutela frogatzen duen ziurtagiri bat bidali (aukerakoa)
- Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonala helarazi (1.200 eta 1.500 hitz artean). Epea: martxoak 6ra arte. Ondoren, idazlanetatik abiatuta, lehen hautaketa bat egingo da, eta fase hori gainditzen dutenek banakako elkarrizketa batean parte hartu beharko dute.
Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia hemen.
Bi modalitateetan bidaiak baino lehen formakuntza bat egingo da eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dute ikasleek.
Hautaketa prozesua
Plaza mugatuak daudenez, hautagaien ebaluazioa egingo duen epaimahai bat izendatuko da. Epaimahaia Hezkuntza, Giza Eskubide eta Kultura arloetako pertsonek osatzen dute, eta EGK-ko pertsonak ere egongo dira. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak baztertzeko edo deskalifikatzeko.
Hautaketa-prozesua amaitzen denean emaitzak jakinaraziko dira eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) komunikatuko die ebazpena parte hartzaile guztiei.
Gastu gehienak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…). Baina, ADI! Belfastera joateko ETA-UK ziurtagiria norberak eskuratu eta ordaindu beharko du!!!
Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Mónica) edo idatzi bakea@egk.eus helbidera.