10 February, 2025

Etikasi 2025 programarako deialdia ireki da

Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.

Testuinguru horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen eta Biktimen Atentzioaren Zuzendaritzarekin (Justizia eta Giza Eskubideen Sailera atxikituta) eta Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzarekin (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailera atxikituta) batera.

Programaren helburua

Etikasi giza eskubideetan sostengatutako hezkuntza-proiektua da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena, enpatiaren aldeko hautua eginez. Programa honen helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, eta horregatik, hain zuzen ere, Poloniara, Ipar Irlandara eta Euskadira bisita hezitzaileak egiten dira.

Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Modu horretan, giza duintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-esperientzia sustatzen dugu, lehen pertsonan ulertzen eta bizitzen hasita.

Norentzat dago zuzenduta?

Programak bi modalitate ditu, zuzentzen den gazte taldearen arabera.

Lehen taldea: Polonia. Ikastetxeei eskaintzen zaie modalitate hau, Batxilergoko 1. mailako ikasgelentzat (30 ikasle, gehienez). Krakoviara (Polonia) joango da ikasgela ekainaren 17tik 20ra. Bertan, Krakovia eta Auschwitz bisitatzeko aukera izango dute. Informazio guztia hemen.

Bigarren taldea: Ipar Irlanda eta Euskadi. 18 eta 30 urte bitarteko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko 20 gaztek izango dute parte hartzeko aukera. Bi bidaia egingo dituzte: uztailaren 4tik 8ra Ipar Irlandara (Belfast eta Derry) eta urriak 3tik 5erako asteburua Euskadin (Pasaia eta Errenteria) igaroko dute. Informazio guztia hemen.

Nola har dezaket parte?

Etikasi programan parte hartzeko plaza mugatuak daudenez, hautaketa prozesu bat egingo da, eta modalitate bakoitzean parte hartzeko baldintzak desberdinak dira.

Lehen taldea: Polonia. Parte hartzeko, bi pauso jarraitu behar dira: 1) ikasgelako tutoreak bete beharreko izen emate fitxa osatzea (martxoak 14erako) eta 2) ikasleek egindako giza eskubideen gaia lantzen duen bideo bat aurkeztea (martxoaren 21erako). Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia hemen.

Bigarren taldea: Ipar Irlanda eta Euskadi. Kategoria honetan parte hartu dezaketen gazteek honakoa egin beharko dute: 1) izena eman, 2) ikasturte honetako ikasketen matrikula eta 3) ingeleseko B2 maila dutela frogatzen duen ziurtagiri bat bidali eta 4) giza eskubideei buruzko hausnarketa propio bat helarazi (1200 eta 1500 hitz artean). Epea: martxoak 16ra arte. Ondoren banakako elkarrizketa bat egin beharko dute. Baldintzak, ebaluazio irizpideak, epeak eta gainerako informazio guztia hemen.

Bi modalitateetan bidaiak baino lehen formakuntza bat egingo da eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dute ikasleek.

Hautaketa prozesua

Plaza mugatuak daudenez, hautagaien ebaluazioa egingo duen epaimahai bat izendatuko da. Epaimahaia Hezkuntza, Giza Eskubide eta Kultura arloetako pertsonek osatzen dute, eta EGK-ko pertsona bat ere egongo da. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak baztertzeko edo deskalifikatzeko.

Hautaketa-prozesua amaitzen denean emaitzak jakinaraziko dira eta Euskadiko  Gazteriaren Kontseiluak (EGK) komunikatuko die ebazpena parte hartzaile guztiei.

Gastu gehienak EGK-k ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, ostatua, dietak…). Baina, ADI! Belfastera joateko ETA UK ziurtagiria norberak eskuratu eta ordaindu beharko du!!! Ziurtagiri hori apiriletik aurrera Belfastera bidaiatzeko beharrezkoa izango da eta 12 euro baino gutxiago balioko du (aurrerago informazio gehiago bidaliko dizuegu).

Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Mónica) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.

 

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.