5 February, 2024

Etikasi 2024 Ipar Irlanda-Euskadi

Gazteriaren ahalduntzea ezinbestekoa da oraingo eta etorkizuneko bizikidetza ereduaren protagonista eta eragile izateko. Horregatik, beharrezkoa da hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarrekintzak indartzea, bizikidetzaren esparruan gainditzeke dauden eta sortzen ari diren erronken aurrean.

Horren aurrean Etikasi programa garatzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzarekin (Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailera atxikia)   eta Gazteria Zuzendaritzarekin (Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzari atxikia) batera.

Programaren helburua

Etikasi giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza-proiektu bat da. Giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua dagoena, enpatiaren aldeko hautua eginez. Programa honen helburua etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, Ipar Irlandara eta Euskadira hezkuntza-bisitak eginez. Leku hauek motibazio politikoko indarkeriak markatutako giza eskubideen urraketak izan dituzte, eta bizikidetza erronka gisa ulertzen da, bai tokiko mailan zein maila globalean.

Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizunak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka: mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzeko aukera ematen du. Giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezitzailea sustatzen baitu, lehen pertsonan ikusteak, ulertzeak eta bizitzeak.

Etikasiren aurreko hiru esperientzien ondoren, aurten bi bidaia egingo dira: bost eguneko bidaia Ipar Irlandara (Belfast eta Derry) eta asteburu bat Euskadiko herri batzuetan (Pasaia eta Errenteria).

Parte hartzeko baldintzak

18 eta 30 urte bitarteko EAEko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Zikloetako eta Unibertsitateko graduko ikasleek izango dute parte hartzeko aukera.

Interesdunek honako dokumentu hauek bidali behar dituzte martxoaren 17rako 23:59ak arte:

  • Izen-emate galdetegia bete.
  • Egiten ari diren ikasketetan onartuak izanaren ziurtagiri bat (matrikula, adibidez).
  • Ingeleseko B2 maila frogatzen duen ziurtagiria. Baldintza honen helburua interesdunak ingelesaren gutxieneko ezagutza izatea da, Ipar Irlandako bidaia medio.
  • Giza eskubideei buruzko hausnarketa propioa (1200 eta 1500 hitz artean). Idazlanean honako alderdi hauek baloratuko dira: originaltasuna, gogoeta kritikoa eta pertsonala, interesdunak giza eskubideen inguruan izan dituen aurretiazko esperientziak, galderak eta proposamenak planteatzea, euskal gizartean giza eskubideen inguruan dauden erronkak. Euskaraz zein gaztelaniaz izan daiteke.

Bidali beharreko dokumentu zein fitxategi guztiak bakea@egk.eus helbidera bidali behar dira “Etikasi 2024” gaiarekin.

Programan parte hartzea onartzen duten pertsonek bidaien aurretik eskainiko den formakuntza eta bidaiaren ondorengo itxiera-saioa egin beharko dituzte.

Hautaketa prozesua

20 pertsonentzako plazak daudenez, hautagaien ebaluazioa egingo duen epaimahai bat izendatuko da.

Epaimahaia hezkuntza, Giza Eskubide eta kultura arloetako pertsona ezagunez osatua egongo da, EGK-ko pertsona batez gain. Epaimahaiak eskumena izango du deialdiaren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez onartzeko edo deskalifikatzeko.

  • Maite Alonso (Euskadiko Eskola Kontseilua).
  • Eva Quiroga (UN Etxea).
  • Laura Perez (Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza).
  • Iratxe Uriarte Eiguren (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua).

Izena ematen duten ikasleek banakako elkarrizketa bat izango dute epaimahaiarekin.

Data garrantzitsuak

Ondorengoa izango da hautaketa prozesuaren kronograma:

Izen-emate epea: martxoak 17 (23:59)
Banakako elkarrizketak: apirilak 15-18
Ebazpena: apirilak 19
Bidaien aurreko formakuntza: ekaina
Ipar Irlandara bidaia: uztailak 2-6
Euskadira bidaia: urriak 5-6
Itxiera saioa: urria-azaroa

Hautatze-prozesua amaitzen denean emaitzak jakinaraziko dira eta Euskadiko  Gazteriaren Kontseiluak (EGK) komunikatuko die ebazpena parte hartzaile guztiei.

Parte-hartzearen onarpenak bidaia aurretik izango den 6 orduko formakuntza egitea dakar. Bidaiaren ostean bigarren lan bat egin beharko da bisitatu den  leku europarrean eta Euskadin gertatutakoaren memoria kritikoek komunean dituzten  elementuak identifikatzeko.

Etikasi programan parte hartzeko hautatuak izan diren pertsonek ebazpena jakinarazten denetik 10 egun naturaleko epea izango dute, gehienez, euren parte-hartzea berresteko.

Gastu guztiak EGK-ko ordainduko ditu (hegaldia, bidaia asegurua, hostela, dietak…).

Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jakin nahi baduzu, deitu edo bidali WhatsApp bat 688 737 097 / 943 42 97 67 telefonora (Ainhoa) edota idatzi bakea@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.