Adegiko presidentearen

18 November, 2014

EGK Eusko Legebiltzarrean: “Gazteon egoera zaila eta larria da eta hau aldatzen ez bada etorkizuneko euskal gizartea ez da jasangarria izango”

2014ko azaroaren 18a egun historikoa izan da Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta euskal gazteriarentzat: lehenengo aldiz gazteen inguruan hitz egiteko ponentzia edo lantalde bat sortu baita Eusko Legebiltzarrean. Ponentzia goizeko 10.00etan eratu da “Gazteriaren arazoen azterketa eta eztabaidarako eta haiei erantzuna emateko lan taldea” izenarekin; Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordearen barnean kokatua, Lur Etxeberria legebiltzarkidea presidente zelarik eta EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariekin (PP ere ponentzian izango da baina ezin izan dira etorri).

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua ponentzian agerraldia egiten lehena izan da eta bere izenean Itsaso Andueza presidentea joan da, Diana González EGK-ko Batzorde Iraunkorreko kidearen laguntzarekin. Anduezak eman duen lehenengo mezua argia eta zuzena izan da: “Gazteok itxaropena eta ilusioa galtzen ari gara irtenbideak ikusten ez ditugulako. Egoera zaila eta larria da eta honi buelta ematen ez badiogu, estatistika guztiek esaten dutenaren arabera, gazte gabe geldituko gara eta Euskadin jasangarria ez den gizarte zaharkitu batean biziko gara”.

Agerraldi hau prestatzeko, talde teknikoak gaiak arloka aztertu ditu eta EGK-ko kide diren elkarte eta pertsona indibidual anitzen ekarpenak jaso dira egindako bilera irekietan. EGK-k egoera larri honen ikuspegi orokorra aztertu nahi izan du gaur: enplegua, etxebizitza, astialdia, hezkuntza, bakea eta bizikidetza, parte-hartzea, eta abar.

Arazo hauen guztien aurrean, gazteon beharrak jasotzen dituzten politika publikoak eskatzen ditugu, burokrazia erraztea, lan inspekzioak indartzea eta guztion artean gazteen irudi positiboa eraikitzea. Ponentzia honen bidez arazoak ikustarazi eta hauen inguruan jabetzen lagundu eta bukaeran zerbaitetarako balio izatea espero dugu. Honen harira, ponentziatik gazteen eskubideak defendatzeko erabakitzen diren neurriak babestuko ditugu eta hau bermatzeko lege bat eraginkorra bada, honekin ere ados egongo gara.

Gaurko agerraldia ponentziaren hasiera izan da bakarrik eta hurrengo hilabeteetan gazteekin lotura duten 40-50 pertsona, elkarte eta eragile hurbilduko dira Eusko Legebiltzarrera. Talde parlamentarioek hainbat agerraldi eskatu dituzte eta gaiak arloka landuko dira. Ponentziaren hurrengo hitzordua abenduaren erdialdean izango da eta bertaratuko diren hurrengoak Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundietako gazteria zuzendariak izango dira. Agerraldi inguruan gehiago jakiteko Eusko Legebiltzarrarekin zuzenean harremanetan jartzea gomendatzen dizuegu. Eztabaidatzen den arloaren arabera, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua berriro ere ponentziara itzuliko da seguruenez eta lantzen diren gaien jarraipena egingo dugu.

PRENTSA OHARRA IRAKURRI:

pdf

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.