16 March, 2026

EGK-k 2026-2030 Inklusio Plana onartu du Gazte guztien partaidetza bermatzeko

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) bere 2026-2030 I. Inklusio Plana onartu du Batzar Orokorrean. Plan honek helburu nagusi bat du: Euskadin desgaitasuna ez izatea gazteen partaidetzarako oztopo.

Plana diagnostiko eta hausnarketa prozesu baten ondorioz sortu da, eta agerian utzi du beharrezkoa dela Kontseiluaren jardunean ikuspegi intersekzionala indartzea. Gaur egun, EGK-k 60 gazte-elkarte inguru biltzen baditu ere, desgaitasuna duten gazteen parte-hartzea mugatua da oraindik, eta hainbat oztopo fisiko, komunikatibo, sozial eta ekonomikok baldintzatzen dute.

Marko berri honekin, EGK-k urrats sendoa eman du bere programak, egiturak eta antolaketa-kultura eraldatzeko, inklusioa bere jardun politiko eta elkarte-arloko ardatz bihurtuz.

Plana hiru lan-ildo nagusitan egituratzen da:

  • EGKren barne-eraldaketa, irisgarritasun fisikoa, digitala, komunikatiboa eta jarrerazkoa bermatzeko.
  • Eragin politikoa indartzea, gazte-politika publikoetan desgaitasunaren ikuspegia txertatzeko.
  • Sare-lana bultzatzea Hirugarren Sektore Sozialarekin eta erakunde espezializatuekin, ikuspegi intersekzionaletik.

Dokumentuak erdigunean jartzen ditu desgaitasuna duten gazteen autoerrepresentazioa eta Bizitza Independente Eredua, inklusioa giza eskubideen eta belaunaldi arteko justiziaren kontu gisa ulertuta.

Planaren garapena 2026tik 2030era egingo da, eta urteroko jarraipena izango du Batzar Orokorrean.

Informazio gehiago nahi baldin baduzue, deitu 944436143 / 688676099  (Aitor) telefonora edo idatzi partehartze@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.