Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, Bizkaiko astialdi taldeen mapa berria sortuz lurraldeko astialdi taldeen argazkia berritu du. Bizkaian nabarmena da astialdi taldeen presentzia eta eragina; izan ere, ibilbide luzeko sareak eta taldeak daude eta sendoa da haien udalerri eta komunitateetan burututako lana.
Bizkaiko zonalde eta herri ezberdinetako 84 taldek hartu dute parte mapan. Eskerrak eman nahi dizkiegu mapan parte hartu duten sare eta talde guztiei astialdiaren ikusgarritasunaren eta zabalpenaren garrantzian sinesteagatik eta galdetegia erantzuteagatik. Argitaratu den maparekin batera Bizkaiko astialdi taldeen zerrenda argitaratu da, taldeen izena, herria, auzoa eta logoarekin.
EGK-k, Bizkaiko astialdiko mapa berri honen ildora, funtsezkotzat jotzen du ikusaraztea zein ahalegin egiten diren astialdian haur eta nerabeekin batera prozesu hezitzaileak sortzeko, komunitatearen garapenerako, hezkidetzarako edota euskara eta euskal kultura sustatzeko, besteak beste. Astialdian ekimen asko eta oso anitzak eramaten dira aurrera eta horiek ikusgarritasuna zein aitortza izatea beharrezkoa ikusten da, batez ere astialdiko mugimendua hein handi batean gehiena pertsona bolondresen eskuetan baitago.
Informazio gehiago nahi baldin baduzu, deitu 944436143 / 747442774 (Aitor) telefonoetara edo idatzi astialdi@egk.eus emailera.