Bilboko Errekalde auzoan izandako eraso arrazistaren aurka

19 February, 2021

Bilboko Errekalde auzoan izandako eraso arrazistaren aurka

  • EGK jatorriari lotuta dauden Giza Eskubide ororen urraketaren aurka

Pertsonen  nortasuna ideologiaz gain beste hainbat ikuspegi oinarritzat hartuta eraikitzen da. Baina gure jatorriagatik egindako eraso arrazista gure nortasunari zuzenean egindako erasoa da.

Hori dela-eta, EGKtik pasa den otsailaren 13an Bilboko Errekalde auzoan gizon batek jasotako erasoaren harira gertatutakoa deitoratu eta arrazakeriaren aurka azaltzeko aprobetxatu nahi dugu. Sollube kaleko atari batetik batean ateratzean gazte ugariren erasoa jasan zuen. Bertatik urrundutakoan atzetik joan eta berriz iraindua eta erasotua izan zen. Erasotuak Basurtoko hospitalean artatua izan behar izan zuen jasotako erasoagatik.

Ohar honen bitartez arrazakeria hau den formakoa dela ere (indarkeria zuzena, zeharkakoa, estrukturala…) salatu nahi dugu, baita arrazakeriak gizartean sortzen dituen Giza Eskubideen urraketa oro (eraso arrazista izan ala ez) ere.

Era honetara honakoa bilatzen dugu:

  • Edozein pertsona (orokorrean) eta gazteren (partikularrean) duintasun eta osotasun fisiko, psikologiko eta emozionalaren gainetik, indarkeriaren erabilera oro, den formakoa dela ere, inongo kasutan ez dela justifikagarria ezartzen duen minimo etikoan kontzientziatzea.
  • Indarkeriaren erabilera orori, den formakoa dela ere (zuzena, zeharkakoa, estrukturala…), zilegitasuna kentzea.
  • Arrazakeriaren aurkako zero tolerantzia erakustea.
  • Gertatutakoa berriro pasako ez dela bermatzea eta Giza Eskubideak urratu zaizkion biktima orok merezi duen onarpena, erreparazioa eta justizia aldarrikatzea.
  • Giza Eskubide ororen errespetuan oinarritua dagoen bake-kulturaren sorrera azpimarratzen duten baloreak bultzatzea: elkarrizketa, enpatia, tolerantzia eta errespetua gazteontzat, norbanakoaren jatorria, kultura, erlijioa, ideologia politikoa edo beste aspektu baten gainetik.

Izan ere, EGKtik aldarrikatzen dugu ez dagoela apropos sortutako bidezko sufrimendurik. Ez dago onartu behar den apropos sortutako sufrimendurik. Giza Eskubideen urraketa oro baztertu eta saihestu behar da. Arrazoi honengatik, EGKtik ekimenetan gazteen parte-hartzea sustatzen jarraitzeko gure konpromisoa berresten dugu, zeinek elkarbizitzarako guneak eta adostutako irtenbideak dituzten jomugatzat, ardura gertatutako Giza Eskubideen urraketen ez errepikatzera bideratuta.

Gazteok ere orainaren protagonista garelako. EGK egunero saiatzen da gazteon eskubide guztiak defendatzen eta ez soilik gure ideologiarekin elkartzen zaizkienak urratzen direnean. Gure helburua gazteon ahotsa entzuna izatea eta kontuan hartzea izan da, da eta izango da, instituzio, hedabide eta gizartera gazteriaren iritzi, uste eta ardurak helaraziz, gure errealitatera moldatzen diren aldaketak proposatuz.

EGK-ko Batzorde Iraunkorra

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.