Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bilboko Udalarekin elkarlanean, Bilbo, Unibertsitate Hiria proiektua jarri duela martxan. Bilbo mundura irekita dagoen hiria da, etengabeko eraldaketan dagoena, eta gero eta argiago du hiri unibertsitario gisa duen potentziala. Hala ere, bide horretan badira erronkak, beharrak eta aukerak, bereziki Bilbon ikasten duten pertsona gazte unibertsitarioek lehen pertsonan bizi dituztenak.
Proiektu honen helburua da Bilbo hiri unibertsitario gisa nola bizi den gazte unibertsitarioen ikuspegitik aztertzea: hiriko baliabideak, zerbitzuak, eguneroko bizitza, parte-hartzeko aukerak eta, batez ere, ikasle gazteentzat sortzen diren erronkak eta aukerak identifikatzea. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu pertsona gazteen ahotsa entzutea eta haien bizipenetatik abiatuta diagnostiko erreal eta partekatua eraikitzea.
Helburu horrekin, kontsulta-galdetegi bat ireki dugu, Bilbon ikasten duten pertsona gazte unibertsitario guztiek beren iritzia, beharrak eta proposamenak partekatzeko aukera izan dezaten. Parte-hartzea erraza eta azkarra da, eta ekarpen bakoitza funtsezkoa izango da Bilbo benetan hiri unibertsitario inklusibo, erakargarri eta bizigarria bihurtzeko bidean.
Gainera, galdetegian parte hartzen duten pertsona guztien artean 100 euroko zozketa egingo da, Elkar liburu-dendetan erabiltzeko. Parte hartzeak badu saria, baina batez ere, Bilboren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko aukera.
Informazio gehiago nahi baldin baduzu, deitu 688 737 133 / 944 436 143 (Andima) zenbakira edo idatzi hezkuntza@egk.eus helbide elektronikora.