BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak txostena argitaratu dugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

13 February, 2019

BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak txostena argitaratu dugu

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) BerdinHezi: Hezkidetzarako lehen urratsak txostena egin du, euskal gazteriak hezkuntza formalean ematen den hezkidetzari buruz dituen iritzi eta ezagutzak lantzeko. Txosten honen bidez, lehenik eta behin, orain arte hezteko baloreak berdintasunean oinarriturikoak izan diren jakin nahi izan da; bigarrenik, galdetegian eta eztabaida-taldeetan zehaztu ziren etorkizuneko hezkuntza hezkidetzailea lortzeko bidean eman beharreko urratsak gizarteratu nahi izan dira.

Txostenean zehar, berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko egindako neurrien marko juridiko bat, sexu-genero sistema eta hezkuntza sistemaren marko teoriko bat, egindako galdetegi eta eztabaida-taldeetako emaitzak eta eskaera eta proposamen batzuk garatzen dira.

Erabilitako metodologia

Txostena egiteko galdetegi bat eta bi eztabaida-talde garatu dira 2018ko urtean zehar. Alde batetik, hiru atal nagusitan bereizitako eta 56 galderez osatutako galdetegia diseinatu zen. Hau, martxoaren 26tik maiatzaren 31ra egon zen irekita eta 182 erantzun lortu ziren. Bestetik, bi eztabaida-talde egin dira galdetegiko eskema berdina erabiliz. Horretarako 18-30 urte bitarteko irakasleak bilatu ziren hezkuntza formalean izan duten esperientzia gertutik kontatzeko.

Eskaera eta proposamenak

Ondorengoak dira bildutako eskaera eta proposamen nagusiak:

  • Formazioa: formazio gehiago sortzea, hezkidetzari buruzko ezagutza teorikoak sortzeko, eztabaidak sustatzeko eta edukiak sakontzeko.
  • Hezkidetza ezagutaraztea:  ‘Hezkidetza’ hitza gizarteratzea eta beronen esanahia zein den zehaztea; baita definizio eta lanketa bat egitea ere.
  • Komunitateko lanketak egitea: berdintasunean heztearekiko dagoen ardura gizartera helaraztea. Hezkuntza formalak hezkuntza prozesuan eragiten duten beste agente batzuekin harremanean aritzeko.
  • Hezkidetzak gizarte-politiketan garrantzia izatea: Hezkidetza bermatzeko markoa eskain dezaketen legeak badauden arren, genero-ikuspegia hezkuntzan nola txertatzen den aztertzea eta esku-hartzea gizarte-politiketako ildo nagusia izatea.
  • Kanpo espazioen  eta material didaktikoaren azterketa eta birmoldaketa: ikastetxeek euren kanpo espazioen diseinua egitea eta  berdintasunerako ekar ditzakeen oztopoak neurtzea.
  • Espazio anitzetako parte-hartzea: hezkidetzari buruzko hitzaldi eta hausnarketa espazioetan parte hartzea,egiten dena zalantzan jartzeko eta beste pertsonekin ideia eta gatazkak partekatzeko.

[PDF] BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak txostena

Eta zuri, zer iruditu zaizu? Identifikatu dugunarekin bat zatoz? Nola osatuko zenuke? Lanketa hau eta txostenean bildu duguna abiapuntua da eta 2019an zehar garatzen jarraitu nahi dugu. Beraz, edozein ekarpen izanez gero edo proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, idatzi berdintasuna@egk.eus helbide elektronikora edo deitu 94 44 36 143 zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.