Aurreko astean Bake&Arte tailerrak antolatu genituen Leioa (Bizkaia), Donostia eta Gasteizen. Dinamikak talde txikietan egin ziren eta bertan parte hartu zuten gazteek balorazio oso positiboak egin dituzte. Saio bakoitza hiru ataletan banatu ziren: lehenengoan, literatura jorratu zen gatazken aurrean ditugun joerak lantzen zituen ipuin baten inguruan hausnartuz; bigarrenean, argazkilaritza eta Giza Eskubideak lotu ziren, eta hirugarrenean, gazteek mihise txuri batean etorkizuna elkarrekin amestu zuten (argazkian, Gasteizen egindakoa ikus daiteke). Hurrengo egunetan, parte-hartzaileei gonbidapena egingo zaie sortutako lanak bakeahots.org komunitate birtualera igotzeko.
EGK-k iaz bake eta bizikidetza lan arloa berreskuratu ondoren, hau da antolatu den bigarren ekintza nagusia 2014ko azaroan egin ziren Bake Ibilbideak eta gero; laster ere hemen bezala esperientziaren bideo bat argitaratuko dugu. Bestalde, gogoratu behar da ere bake eta bizikidetza lan taldeak martxan jarraitzen duela. Gutxi gorabehera hilabetean behin biltzen da eta saioetara joateko bidaia gastuak ordaintzen dira. Hurbiltzera animatzen zaitugu eta honen inguruan informazio gehiago jakin nahi baduzu, gurekin jar zaitezke harremanetan bakea@egk.eus helbidera email bat bidaliz edo 943 429767 telefonora deituz (Elvira).
Bakean eta bizikidetzan egiten den lanaren gainean hitz egiteko, Itsaso Andueza Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea eta Elvira C. García Vidales, bake eta bizikidetza lan-arloko teknikaria, asteartean, apirilak 28, ETB-1eko ‘Azpimarra’ saioan izan ziren.