Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren komunikatua, gazteon aktibismo politikoaren alde
“Talde armatuko kide” izatea leporatuta, Auzitegi Gorenak SEGI gazte erakunde-ohiko zortzi gazteri ezarritako sei urteko kartzela-zigorraren aurrean, eta gaur goizean (apirilak 19) burututako zortzi gazte horietako seiren atxiloketaren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak honakoa adierazten du:
1) Edozein ideologiako elkarte, kolektibo eta mugimendutan bitarteko publiko, demokratiko eta ez-biolentoak baliatuta parte-hartzeko gazte guztiok dugun eskubidea defendatzen dugu. Bide baketsuak erabilita, gure gizarte ereduak aldarrikatzeko eta antolatzeko gazte guztiok dugun eskubidea aitortzen dugu.
2) Gazte mugimendu batean parte hartzea delitua ez dela adierazten dugu. Pertsonaren batek delituzko ekintzaren bat burutu izan badu, ekintza hori da epaitu behar dena. Ezin dira ideiak epaitu.
3) Gaur egungo legedia gazte erakunde bateko kide izate hutsagatik kondenak ezartzeko erabiltzearen aurka agertzen gara, erakundeko kide izateaz harago delituzko ekintza biolentoak leporatzen ez direnean.
4) Euskadiko Gazteriaren Kontseilua ideologia ezberdinetako elkarte eta kolektiboen topagunea dela berresten dugu. Beraz, defendatzen duguna ez dira kondenatuen postulatu ideologikoak, baizik eta bide demokratikoen bidez gure gizarte-eredua aldarrikatze aldera gazteok antolatzeko dugun eskubidea baizik.
5) Kondena hauen aurka familiek eta hiritar guztiek manifestatzeko eta mobilizatzeko duten eskubidea babesten dugu.
6) Edozein erakunde eta mugimenduko gazteei, euskal gazteriaren izenean ez hitzegiteko eta Euskal Herriko gazteon aukera ideologikoen aniztasuna errespetatzeko dei egiten diegu.
7) Ezinbestekoa ikusten dugu bakea eta justiziaren aldeko pausuak ematen jarraitzea. Gazte erakunde bateko kide izatea leporatuta zortzi gazte atxilotzeak, kondenan militantzia horretaz haratagoko bestelako delituzko-ekintzarik leporatu gabe, gure ustez ez gaitu bakera gerturatzen.
8) Gizarte-injustiziazko testuinguru batean bizi gara, eta justizia agian ez dela hiritar guztiontzat berdin funtzionatzen ari pentsarazten digu gazte askori egoera honek. Delitu larriak leporatuta, ardura handiak dituzten eta gizartean entzutetsuak diren hainbat pertsonek kalean jarraitzen duten bitartean, mota honetako gertaerek sumindura eragin dezakete.
Bilbon, 2013ko apirilaren 19an, ostirala.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren izenean, EGK-ren Batzar Orokorrak martxoaren 16an aukeratutako Batzorde Iraunkorrak sinatuta.
Hezkide Eskola, Ikasle Abertzaleak, Iratzarri, Lurgorri, Gaztetxoak, Gazte Abertzaleak, Kale Dor Kayiko, Euzko Gaztedi (EGI), Ezker Anitza-Gazteak, Gazte Komunistak, Juventudes Socialistas de Euskadi-Euskadiko Ezkerraren Gazteak.
EUSKADIKO GAZTERIAREN KONTSEILUA