Gaur, abenduak 3, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) eguna baliatu nahi dugu oraindik egiteko dagoen lana gogoratzeko eta kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzeko. Bizikidetzan oinarritutako gizarte barne-hartzaile bat eratu nahi badugu, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa ezinbestekoa da.
Ikuspegi hau bizitzako esparru orotan txertatu behar da eta politika publikoetan zeharkakotasunez jorratu. Are gehiago, EGKtik aniztasun funtzionala duten pertsonei bideratutako neurriak diseinatzerakoan zuzenean ahotsa haiei ematea aldarrikatzen dugu, euren bizipenak kontuan hartuta beharrei modu osoagoan erantzungo baitzaie.
Ildo horretan, gaia eta aldarrikapenak gizarteratzeko, EGK-k bi proiektu aurrera eraman ditu azken urteotan:
- Mugarik gabeko aniztasuna gida: inklusioa helburu duten eragile eta elkarte desberdinen laguntzarekin osaturiko gida bat da.
- Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala txostena: Helburua hainbat lekukotza biltzea eta egoera hobetzeko proposamen eta erronkak partekatzea ditu .Honen bitartez administrazioei enplegu arloan bizi duten errealitatea islatzea da. Gogoraraziz enplegu zein beste arloetako politika publikoak ere aniztasun funtzionala lantzen duten gizarte-eragileekin koordinatu eta adostu behar direla.
Egindako hausnarketetan, beharrezkotzat ikusten dugu gizarte bezala arlo honetan ditugun erronkak gogoraraztea, besteak beste:
- Aukera berdintasuna: Eskubide osoko herritar aktibo modura, aniztasun funtzionala duten pertsonek gainerako herritarren aukera berdinez gozatzeko aukera izan behar dute.
- Haurren moduan tratatzeko joera baztertzea: beren adineko pertsonek bezalako gurariak eta gustuak izaten dituzte eta beraz, haien adinera egokitzen den tratua jasotzea espero dute.
- Irisgarritasun unibertsala: Muga mota guztiak ezabatu behar dira (fisikoak, jarrerarekin lotutakoak), oso-osorik.
- Instituzioen inplikazioa eta konpromisoa: zeharkakotasuna politika publikoetan: Funtsezkoa da politikak zeharkako moduan itxuratzea, herritar guztien beharrizanak bilduta. Hauen beharrizanak eta arlo horretan lan egiten duten erakundeak ere kontuan hartu behar dituzte politika horiek.
Etorkizunari begira, EGKtik pertsona guztien erabateko inklusioa lortzeko bidean jarraituko dugu, pertsona guztiak gizarteari egiten dizkiogun ekarpen eta balio erantsia aitortuz eta azpimarratuz.