Mugarik Gabeko Aniztasuna gidaren aurkezpena

3 December, 2018

Abenduak 3, aniztasun funtzionala duten pertsonen eguna

Gaur, abenduak 3, astelehena, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna da. Gure egungo gizartean bizikidetzarako erronketako bat aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa da.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) helburuetako bat aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen alde lanean jardutea eta norabide horretan proposamenak egikaritzea da. EGK-k lanean jarraitzen du proiektu, egitasmo edota bestelako ekimenen bitartez aniztasun funtzionala dutenen errealitatera gerturatzen.

Azken bi urte hauetan bi proiektu nagusi burutu ditu EGK-k aniztasunaren arloan aurrera pausoak emateko tresna berriak sortuz. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean burutako Mugarik Gabeko Aniztasuna gida; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz buruturiko Enplegua, Gazteria eta Aniztasun Funtzionala txostena. Hemen aurki ditzakezu bi lanak:

  • Mugarik gabeko aniztasuna: Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa helburu duten  eragile eta elkarte desberdinen laguntzarekin osaturiko gida bat da. Aniztasun funtzionala duten pertsonek aisialdian normaltasun osoz jardun dezaten, irakasle, lagun zein begiraleentzako errekurtso didaktiko bat da.

[PDF] Mugarik Gabeko Aniztasuna gida

  • Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala: Helburua hainbat lekukotza biltzea eta egoera hobetzeko proposamen eta erronkak partekatzea zen. Txosten honen bitartez administrazioei enplegu arloan aniztasun funtzionala duten pertsonek bizi duten errealitatea islatzea da. Gogoraraziz enplegu zein beste arloetako politika publikoak ere aniztasun funtzionala lantzen duten gizarte-eragileekin koordinatu eta adostu behar direla.

[PDF] Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala txostena

Bide honetan, gaur aniztasun funtzionala duten pertsonen egunean, EGK-k euren eskubideen alde lanean jarraituko duela adierazi nahi du. Horregatik, beharrezkotzat ikusten da gizarte bezala arlo honetan ditugun erronkak gogoraraztea.

Mugarik gabeko aniztasuna txosteneko erronkak

  • Aukera berdintasuna:Eskubide osoko herritar aktibo modura, aniztasun funtzionala duten pertsonek gainerako herritarren aukera berdinez gozatzeko aukera izan behar dute.
  • Haurren moduan tratatzeko joera baztertzea: Aniztasun funtzionala duten pertsonek beren adineko pertsonek bezalako gurariak eta gustuak izaten dituzte eta beraz, haien adinera egokitzen den tratua jasotzea espero dute.
  • Irisgarritasun unibertsala: Muga mota guztiak ezabatu behar dira (fisikoak, jarrerarekin lotutakoak), oso-osorik.
  • Instituzioen inplikazioa eta konpromisoa: zeharkakotasuna politika publikoetan: Funtsezkoa da politikak zeharkako moduan itxuratzea, herritar guztien beharrizanak bilduta. Aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrizanak eta arlo horretan lan egiten duten erakundeak ere kontuan hartu behar dituzte politika horiek.

Etorkizunari begira, EGKtik pertsona guztien erabateko inklusioa lortzeko bidean jarraituko dugu,  pertsona guztiak gizarteari egiten dizkiogun ekarpen eta balio erantsia aitortuz eta azpimarratuz.

Edozein kontsulta edo proposamen izanez gero, ez izan zalantzarik eta idatzi hezkuntza@egk.eus edo partehartze@egk.eus helbide elektronikoetara.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.