Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 2026ko Formakuntza Plana argitaratu du, bere ardatz nagusiei eutsiz, hala nola, formakuntza pilulak edo Ahalbidetuz eta bi formakuntza-ildo berri.
Iazko helburu berarekin, Formakuntza Planak gazte elkarteak indartu nahi ditu, formakuntzaren bidez laguntza teknikoko prozesuak ezarriz. EGK-k uste du formakuntza funtsezko tresna dela gazte elkarteak indartzeko eta gazteen partaidetza sustatzeko.
2026 urtea Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Formakuntza Plana gauzatzen duen hirugarren urtea da, eta mugarri hori une egokitzat jotzen da bere mugak zabaltzeko eta formatu, iraupen, jarraitutasun eta eragin handiagoko formakuntza ekintzak proposatzeko: Gazte Eraldatzaileak eta Astialdiko Udazkeneko Eskola.
Formakuntza programa
EGK-k antolatutako formakuntza pilulak dira, gazte elkarteei zuzenduak. Saio hauek hilero eskaintzeaz gain guztiz doakoak izango dira. Aurten landuko diren gaien artean honako hauek aurki ditzakegu: lidergoa eta taldeen dinamizazioa, finantziazio-iturriak, gatazken kudeaketa, etab.
Ahalbidetuz
Ahalbidetuz programaren helburua gazte elkartei formakuntza ematea da, hala eskatzen dutenean; beraz, formakuntza espezifikoa eta banakakoa da, elkartearen errealitatearen arabera. Programa hau EGK-ko kide diren elkarteei zuzenduta dago.
Gazte Eraldatzaileak
Euskadiko elkarteetako gazteak trebatzea eta ahalduntzea helburu duen ikuspegi intersekzionaleko ibilbide feministako formakuntza da. Helburua da ezagutza, tresnak eta laguntza eskaintzea, parte-hartzaileek euren elkarteetan benetako eta esanguratsuak diren aldaketak bultzatu ditzaten.
Astialdiko Udazkeneko Eskola
Asteburuko topaketa bat da, astialdiko taldeei zuzendua. Aterpetxe batean egingo da, eta profesional espezializatuek gidatutako formakuntza saioak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuko ditu.
Gazte Formatzaileen Poltsa
Formakuntza Programa eta Ahalbidetuz Programa Gazte Formatzaileen Poltsari esker garatuko dira. Poltsa osatzen duten gazteak formakuntza emateaz arduratuko dira. Hau da, formakuntza guztiak gazteek dinamizatuko dituzte, eta haien edukiak eta metodologiak aldez aurretik adostuko dira EGKrekin.
Informazio gehiago nahi baldin baduzu, deitu 944436143 / 688676099 (Aitor) telefonoetara edo idatzi partehartze@egk.eus emailera.