Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), bigarren urtez gazte elkarteei zuzendutako Formakuntza Plana argitaratu du. Formakuntza Plan honek gazte elkarteen formakuntza beharrak asetzeko asmoz, bi programatan oinarritu du bere jarduna: Formakuntza Plana eta Ahalbidetuz.
Aurreko urteko ildo berdinari jarraiki, Formakuntza Planak gazte elkarteak indartu nahi ditu, formakuntzaren bidez laguntza teknikoko prozesuak ezarriz. EGKren ustez, formakuntza da gazte-elkarteak indartzeko eta gazteen parte hartzea sustatzeko bide nagusia, eta, horregatik, bi programa ezberdin antolatu dira.
Formakuntza programa
Formakuntza Programa EGK-k antolatzen dituen formakuntza ezberdinak dira, EGK osatzen duten elkarte guztiei lehentasunez zuzenduak. Hilean behin, eta doan eskainiko dira. Formakuntzak aurrez aurrekoak izango dira; formatu presentziala lehenetsiz, metodologia dinamiko eta parte-hartzaileak dituzten formakuntza laburren aldeko apustua egingo da.
Aurten landuko diren gaien artean euskararen erabilera elkarteetan, diruaren kudeaketa, bileren dinamizazioa eta erabakiak hartzeko metodologiak, inklusio praktikak… izango dira, besteak beste.
Ahalbidetuz
Ahalbidetuz Programa gazte elkarteei formakuntza ematean datza, hala eskatzen dutenean; beraz, formakuntza espezifikoa eta indibidualizatua da, formakuntza eskatzen duen elkartearen errealitatearen arabera eskainitakoa. Programa hau EGK osatzen duten elkarteei zuzenduta dago soilik.
Gazte Formatzaileen Poltsa
Formakuntza Programa eta Ahalbidetuz Programa Gazte Formatzaileen Poltsari esker garatuko dira.
Poltsa osatzen duten gazteak formakuntza emateaz arduratuko dira. Hau da, formakuntza guztiak gazteek dinamizatuko dituzte, eta haien edukiak eta metodologiak aldez aurretik adostuko dira EGKrekin.
Informazio gehiago nahi baldin baduzu, deitu 944436143 / 688676099 (Aitor) telefonoetara edo idatzi partehartze@egk.eus emailera.