Uda heltzen denean ohikoak izaten dira bidaiatzeko lekuei buruzko iragarkiak edo ikastetxeen itxierari buruzko albisteak. Aurten, COVID-19a dela eta, denon opor-tartea oso ezberdina izango da. Bizitako azken hilabeteak gogorrak izan dira eta eragin ekonomikoek zein ezarritako osasun eta segurtasun baldintzek asko ezegonkortu dute gure egunerokoa. Eta gaur zalantza mordoa eta noraeza bizi izan duten eragileen errealitatea mahaigaineratu nahiko nuke: astialdiko taldeak.
Urte askoan nik aste batzuk udaleku eta kanpaldietan eman ditut, lehenik haur bezala eta ostean begirale moduan. Urte osoan egiten duten bezala, uda garaian astialdi eragile, elkarte zein profesionalek hezkuntza ez formaletik sekulako eskaintza aurkezten dute eta, honela, komunitateari ekarpen izugarria egiten diote. Bertan haurrek eta gazteek ondo pasatzeaz gain asko ikasten baitute.
Esan bezala, COVID-19ak ohiko kronograma errotik aldatzera behartu du. Eta moldatzea ez da batere erraza izan. Udalekuak egitea posible izango zen, pentsatutakoa aurrera eramateko gai izango ziren edo osasun eta segurtasun neurriak nola bermatu. Gogoan ditut Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundean egiten genituen bilerak, eskatu beharreko baimenak, hartutako lanak… Honelako egoera batean are gehiago.
EGKtik koordinatutako Astialdi Foroaren bitartez hainbat elkarteren egunerokoa gertutik jarraitu dugu martxotik eta nabarmenduko nahiko nuke egoera zail honetan ardura eta erantzukizunetik erantzun dutela. Ez dezagun ahaztu haurrek azken hilabeteetan ez dutela harremantzeko espaziorik izan eta horrek eragin handia izan duela euren sozializazio prozesuan. Baina, noski, espazio horiek behar bezala eratu behar ziren. Eta hori, nola da? Zein da protokoloa? Nola jokatu behar da. Erantzun gabeko galdera mordoa izan dira aste luzez eta, ondorioz, askok bertan behera utzi behar izan dituzte euren asmoak. Azken uneraino lan mordoa egin dute ekintza ahalik eta anitzenak eskaintzeko, baina beti ez da posible izan.
Egoerari ardura eta erantzukizunetik erantzunez
Haur, gazte eta nerabeek udan eskaintza izan dezaten, espazio horiek berreskura ditzaten egin dute esfortzua kirol eta kultur elkarteek, astialdi taldeek, zaintza sareek, familiak berek eta erakundeek. Eta lortutakoa hori esker izan da, ardura eta erantzukizunetik jokatu delako. Etorkizuna ez dago argi eta informazio trukea eta koordinazioa izatea ezinbesteko dira, are gehiago aurten taldeek izan dituzten zalantzak ikusita. Izan ere, sarea josiz gero ziur irtenbideak bilatzea errazagoa izango dela eta aberasgarriagoak izango direla bai emaitza zein prozesua bera ere.
Beti, noski, elkarren arteko zaintzarako bitartekoak bermatuz eta neurri zorrotzak ezarriz: higienezkoak, emozionalak, prebentziokoak… Taldeek hainbat protokolo garatu dituzte euren errealitatea kontuan hartuta eta agertoki ezberdinak presente edukita. Izan ere, COVID-19ak denok kolpatu gaitu eta inguruan ditugun errealitateak hamaika dira, batzuek arreta bereziz zaintzekoak: aniztasun funtzionala duten pertsonak, egoera zaurgarrienetan daudenak, etab.
Identifikatutakoak eta astialdiko elkarte zein eragileek transmititu dizkigutenak dokumentu batean bildu eta gobernuari helarazi dizkiogu EGKtik. Lau dira ideia nagusiak: taldeek egoera berrira moldatzeko egindako esfortzua eta lana nabarmentzea eta aitortzea, ez baita batere erraza izan; inor atzean ez uztea, egoera anitzak direlako eta haur, nerabe eta gazte ororen parte-hartzea eta inklusioa bermatzeko neurriak hartu behar direlako (kontziliazioak errazteko, haurrak harremantzeko, zaurgarritasun egoeran daudenak babesteko); prestakuntzari begira osatutako dokumentuak azkarrago helaraztea taldeek epe gehiago izateko euren jardunera moldatzeko eta administrazioak malguagoak izatea; protokoloei eta jarraitu beharreko bideei buruzko informazioa sakontzea eta ahalik eta argien azaltzea.
Ez nuke testu hau amaitu nahiko beste behin eskerrak eman gabe. Urtean zehar modu boluntarioan lan handia egiten dute gazteek astialdi aukera anitza eskaintzeko eta azken hiletako egoerari erantzuteko modua txalogarria izan da. Uda oso arraroa izango da astialdiarentzat, udazkenean eta 2021ean egoera egonkortzea espero dut. Gazte begirale eta boluntarioentzat, astialdi eragileetako gainerako kideentzat zein haur eta nerabeentzat albiste paregabea litzateke.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-07-29
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian