Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri
Uda heltzen denean badirudi erritmoa jaitsi egiten dela eta iraila arte hainbat kontu bigarren maila batean geratzen direla. Oporrak direla, hiri eta herrietako jaiak datozela eta eguraldi hobearekin bestelako planak sortzen direla. Zoritxarrez, hainbat kontu ez dira gazteon egunerokotik aldentzen. Udan ere gazteon eskubide eta beharrak buruan izatea beharrezkoa da.
Batetik, jada berez gazteok pairatzen dugun prekarietatea areagotzen da. Urtaroko hainbat lanpostu sortzen dira, ez beti baldintza egokienetan. Ez dira arraroak ezta gutxi behin-behinekotasuna eskaintzen dutenak, etorkizunean zer gertatuko den jakin gabe. Era berean, zoritxarrez, ohikoa da lan hauetako batzuetan ordu extrak sartu behar izatea, horrek gazteon bizitzan duen eraginarekin.
Gazteak garelako eta gure lehen lana delako edozein baldintza onartu behar ditugunaren ideia nahiko zabaldua dago gizartean. Eta eskainitakoari ezezkoa emanez gero bigarren edo hirugarren batek baiezkoa emango dionarena. Kontziente izan behar gara guzti honek gazte baten bizitza proiektuan duen eraginaz. Batez besteko emantzipazio tasa atzeratzen doa, ezin diogu ekin proiektu autonomo bati eta, ondorioz, dena atzeratzen da. Etorkizunari begira erronka mordoa sortuko ditu honek. Gure ongizatean eta osasunean duen eragin zuzena ahaztu gabe.
Emantzipazio prozesua aipatuta, ezin ahaztu etxebizitzaren egoera. Alokairuen igoeraz eta honek dakartzan arriskuez hainbat eragilek abisatu badugu ere, bilakaera ez da eten. Gradualki prezioak gora doaz eta, honela, gentrifikazioa eta honen ondorioak gure artean ditugu. Turismoaren gorakadak eta egun batzuetarako sortu diren alokairu zerbitzuek honengan duten eragina aztertzeko unea da beranduegi izan baino lehen. Errealitatea ezagutzeko diagnosi bat egiteko unea da, honek azaleratzen duena mahai gainean jartzekoa eta behin datu guztiak ezagututa neurriak hartzekoa.
Eta Berdintasuna, zer?
Era berean, zoritxarrez, emakumeen eskubideen aurkako salatu beharreko hainbat jokabide ematen dira. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizarte bat dugu jomuga, inolako arrakalarik gabekoa. Horregatik, 2016an, Gaur8 lantaldearen laguntzarekin Indarkeria Matxistaren aurkako eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloak garatu genituen.
Honi aurre egiteko hezkidetzaren garrantzia izugarria da. Izan ere, hezkuntza formala zein ez formalaren bitartez gure egunerokoan hainbat jokaera, balore eta balio barneratzen ditugu. Ostean erreproduzituko ditugunak gainera. Honekin estuki lotuta, politika publikoetan genero-ikuspegia eta berdintasuna zeharkako balore bezala txertatzea ezinbestekoak dira. Gizartera bideratzen den politika ia orok baitu eragina gazteongan. Horregatik da hain garrantzitsua departamentu eta sail ezberdinen arteko lankidetza.
Eta egunerokoan sekulako lana egiten duten eragile guztiekin elkarlanean aritzea. Denok dugunez helburu berdina, zergatik ez josi sare bat? Indarrak batuta ziur emaitza hobeak lortzen direla. Begi-bistakoa da ez dela adostasunik egongo %100ean, baina bidea egiten hasteko gutxieneko akordio bat lortzea ez da zaila izango. Ostean, bakoitzak bere metodologia eta baliabideak erabilita berdintasun erreala lortzea errazagoa izango da.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2019-06-26
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian