Ikasle eta gazteon garraio-beharrak aztertzea behar dugu

Ikasle eta gazteon garraio-beharrak aztertzea behar dugu

Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri

  • Txartel bakarra, zerbitzu gehiago, tarifa zehatzak eta beste hainbat neurri hartzeko unea da

Ikasturtea hasten denetik amaitu arte hainbat bidaia egiten dituzte ikasleek. Batzuetan, gainera, egunero edo egunean bat baino gehiago. Zein eragin du horrek haien bizitzan? Ez da erraza erantzun zehatz bat ematea, hamaika kasu baitaude. Esaterako lurralde berdinean bizitzea eta ikastea ala ez edo ikasketen lehen seihilekoa lurralde batean izatea eta bigarrena beste batean. Horregatik, ikasle eta gazteon garraio-beharrak aztertzea behar dugu.

Pertsonalki eskatzen duen esfortzuaz gain, askotan bigarren mailan geratzen den arazo bat ere dakar ikasketak burutzeko mugitu beharrak: kostu ekonomikoa. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan asko arduratzen gaituen gaia da eta, horregatik, azken urteotan sarea josten saiatu gara errealitatea ahalik eta modu osatuenean eta sakonenean ezagutzeko. Izan ere, zoritxarrez, arazoa aspalditik dator. Hor daude urte luzeen ikasleek aldarrikatutako neurri eta aldaketak.

2016an Hezkuntza Foroan gaia jorratzea proposatu zen eta #ZegArraio proiektua abian jarri genuen. Emaitza oso argia izan zen: ikasleek esfortzu handi bati egin behar zioten aurre, eskaintzen zen zerbitzua ez zen nahikoa nahiz eta %72a autobusez joan ikastetxera, ia hirutik bi ordutegiaz kexu ziren, ordu-tarte batzuetan maiztasun handiagoaren eta loturak hobetzearen beharra aldarrikatzen zuten ―bereziki unibertsitateetara― eta ia %85ak tarifak desegokiak zirela salatzen zuen. Ildo honetan, gazteoi bideratutako baldintzetan kexa mordoa bildu genituen. Batetik, bonu bereziak sortzea proposatzen zen ikasten ari ziren pertsonek deskontu handiagoak lortzeko; bestetik, gazte-tarifak ezartzea eta hauen deskontuen adin-tartea 30 urteak arte zabaltzea; edota garraio publikoko zerbitzuen egoera berrikustea, asko gainezka egon ohi direlako.

Proposamenetatik bat ia gazte orok nabarmendu zuen: Euskadiko hiru lurraldeentzako txartel bakarra, zehazki galdetuak izan zirenen %96ak. Guztiak Garraio gastuak aztergai (2017) txostenean bildu genituen eta behar hauei proiekzio handiagoa emateko alderdi nagusiek aurkeztutako programetan txartel bakarrak zuen presentzia kontrastatu genuen hauteskundeetako agenda politikoan gaia txertatzeko asmoz. Ia guztiek aipatzen zuten. Hori jakinda, hartutako neurri eta erabakiei jarraipena egin genien, baita argi eta garbi esan oraindik ez zirela nahikoa.

Lau urte ostean oraindik puntu berdinean

Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako datuen arabera* 2019an EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen erdia baino gehiago ikasten ari zen eta, aldi berean, hauen %50,9a autobusez mugitzen zen. Horrek, aurrez esan bezala, kostuak dakartza: %48,2ak 50 eta 100 euro bitartean gastatzen ditu hilero Kontuan izan behar da orokorrean ikasten ari garenean gazteok beste pertsonen mende gaude ekonomikoki. Eta beti ez da erraza esfortzu hauei aurre egitea.

Kontuan izan behar da, gainera, gehiago ordaintzen duten gazteak daudela. Esaterako bizi den lurraldetik kanpo ikasten duen eta hilabetean 300-500 euro bitartean gastatzen duen ikasle-taldea. Hauentzat deskontu bereziak beharrezkoak dira.

2019an zehar galdetegi bat diseinatu genuen diagnostikoa eguneratzeko, kontrastatzeko eta osatzeko. Zoritxarrez, egoera ez da asko aldatu. Lau urte ostean ia berdin gaude. Hirutik bik eskainitako ordutegiak hobetzea eskatzen du, baita gazteoi bideratutako tarifak eta deskontuak ere. Are gehiago, erantzun dutenen %99,1ak txartel bakarra aldarrikatu du, lurralde bateko txartelak beste lurraldeetan erabiltzeko neurriaz haratago joateko eskatuz.

Hori dela-eta administrazio publikoei garraio publikoko zerbitzuaren baldintzak hobetzeko neurriak hartzea eskatzen diegu, bereziki ikasketa publikoak burutzeko kostuetan jarriz arreta. Erraztasunak emate aldera, garrantzitsua da txartel bakarra txertatzeko neurriak hartzen joatea, ez lurralde bakoitzeko txartelak beste lurraldeetan balio izatea soilik.

Horixe aldarrikatu genuen pasa de martxoaren 10ean Leioan EHUko garraio gastuak aztertzeko egindako mahai-inguruan. Laster kaleratuko dugu 2019ko galdetegian lortutako erantzun eta hobekuntza-proposamenak batzen dituen txostena eta administrazioei helaraziko dizkiegu politika publikoetan txerta ditzaten.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-03-25
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian

*Estekako 163. orrialdean

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.