Trans ikusgaitasun eguna - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

15 March, 2017

Trans* ikusgaitasun eguna

Martxoaren 15ean ospatzen da Estatu mailan Trans* kolektiboaren ikusgaitasun eguna. Kolektibo hau anitza da eta beraien identitatea nahiz izaera oso era desberdinetan garatzen duten pertsonez osatua dago, baita pertsona gazteez ere. Honengatik erabiltzen dugu EGKtik izartxoa (*); transexual, transgenero eta trans kolektiboen artean erronka komunak ere badaudelako baina oso bizipen desberdinak dituztelako.

Gauzak horrela, gaurko egunean, EGKren diskurtsoan txertatua dauden hainbat eskaera gogorarazi nahi ditugu:

  • Identitatea askatasun osoz garatu ahal izatea, hau esleitzeko joerak eragiten dituen zailtasunak ekidinez. Alegia, emakume eta gizon identitateak norbanakoak garatzen dituen esparru gisa ulertzea eta dauden emakume eta gizon ereduak ez patologizatzea. Hala, tradizionalenak izan diren bi identitate hauetatik haratago kokatzen diren pertsonekiko ere onarpen jarrera izatea.
  • Izaera genero rol dikotomikoetatik haratago ulertzea eta bakoitzak duen eredu konkretuak bere garapenean beharrezkoak dituen baliabideak eskuragarri egotea. Hau da, inor ez derrigortzea emakume eta gizon eredu konkretuekin bat garatzera eta, gainera, Trans* gazteei beraien ibilbidea burutzeko beharrezkoak dituzten baliabideak eskuragarri ezartzea eta hauek lortzeko baldintzarik ez izatea.

Trans* kolektiboko gazteek bizitako zailtasunak

Egun, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak pausoak eman dituen despatologizazioaren alde, hainbat zailtasun bizi dituzte Trans* kolektiboko gazteek. Beraien gorpuzkera nahiz dokumentazioa aldatu nahi dutenek oraindik ere ‘genero-disforia’ diagnosia izan behar dute eta eman beharreko pausoak Estatu mailan dagoen legediaren arabera eman behar dituzte.

Honek erakusten du Aniztasuna ez dela oraindik guztiz onartua den errealitatea. Honen ordez, oraindik ere ohikoena den eredu bat desiragarri eta hierarkian gailen den eredu bat duen gizarte batean bizi gara. Hau da, ‘normatibitatearen’ (desiragarria den eta normaltzat jotzen den) eta ‘ez-normatibitatearen’ (ez desiragarri eta anormaltzat jotzen den) arteko banaketa argia egiten duen gizartean bizi gara.

Pentsaera honi aurre egiteko erantzuna hainbat esparrutik etorri behar da. Administrazioek ere erantzuna eman behar diote beraien legedien eraldaketaren bitartez eta baliabideen kudeaketaren bitartez gazte behar honi.

Hauekin batera, hezkuntzan ere ezinbestekoa da Aniztasunarekiko onarpena zeharka txertatzea baimentzen duen ikuspegi bat abiapuntu izatea. Honetan laguntza bat eskaintzeko asmoz eta gazteek dituzten kezkak eta beharrak islatuz, gogorarazi nahi dugu EGK jada hasia dela lanean eta, 2016an bezala, 2017an ere martxan jarri dituela hainbat proiektu. Hauetako bat da Sexualitatearen Koloreak Gida, hurrengo martxoaren 22an aurkezpena izango duena eta, nola ez, berriro ere, bertaratzera gonbidatzen zaituzteguna.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.