#IzanZuAldaketa boluntariotza kanpaina Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean hasiko da - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

5 December, 2017

#IzanZuAldaketa boluntariotza kanpaina Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean hasiko da

  • Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) #IzanZuAldaketa kanpainari jarraipena emango diote boluntarioen lana balioesteko helburuarekin.

  • Boluntarioen ekarpenak ikus-entzun, argazki edo testuen bidez sare sozialetan jasoko dira abenduak 5ean abiaraziko den kanpaina honetan; 2018ko irailean boluntario-topaketa batekin amaituko da.

Boluntariotzan ari diren pertsonak urte osoan zehar gogotsu egiten dute lan hainbat ekintzetan parte hartuz. Horregatik, gaur, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiak #IzanZuAldaketa kanpaina berriro bultzatu nahi dugu boluntariotzan egiten duten lana balioesteko.

Aurreko urtean kanpainak bi asmo zituen. Alde batetik, Bizkaiko gazteek gizarte erakundeetan egindako lana balioestea; eta, bestetik, lurraldeko gazteen artean boluntariotzari lotutako ekimenak sustatzea. Pasa den urtean bideo bat eratu zen boluntario gazteen hitzak batzeko, beraien konpromisoa azpimarratuz, eta boluntariotzan aritzeko dauden aukera anitzak erakutsiz.

Aurten, hasitako bide horri jarraipena ematea erabaki dugu boluntariotzan parte hartu duten pertsonen eta oraindik boluntario direnen esperientziei, testigantzei eta bizipenei protagonismoa emanez.

“Zer suposatu dizu boluntario izateak?” galderari erantzuten

Badakigu boluntariotzari buruz ari garenean ezinbestekoa dela boluntarioek dituzten hainbat balore balioestea. Berriro ere benetako protagonistei eman nahi diegu hitza, eta “Zer suposatu dizu boluntario izateak?” galdera planteatuz, boluntariotzari esker garatutako trebetasunen, abilezien edo konpetentzien bilakaera azpimarratu nahi dugu.

Facebook, Twitter edo Instagram sare sozialetan #IzanZuAldaketa traola erabiliz Bizkaiko boluntario eta boluntario ohien esperientziak, bizipenak edo esateko dutena batu nahi dugu kanpaina honetan zehar. Animatu zaitez zure esperientziak konpartitzera!

Badaukazue aukera zuen esperientzia zuzenean gurekin konpartitzeko hezkuntza@egk.org helbidera bidaliz. Zuen ekarpenak asko eskertuko ditugu.

Kanpainaren amaieran, 2018ko irailean, urtean zehar batutako esperientzietan oinarrituz, boluntarioen arteko topaketa bat egingo dugu boluntariotzaren iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertzeko. Gure helburua egindako lana balioesteaz gain gazte gehiago boluntariotzara animatzea eta boluntariotzaren erronka berriak identifikatzea izango da. Gure kanpainan parte hartzera gonbidatzen zaitugu!

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.