Gazteon egoera larria azalduko dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan

EGK-k gazteon egoera larria eta urgentea azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan

2001ean 143.592 gazte zeuden Gipuzkoan eta 2013an 97.456, hau da, hamabi urtetan, kopurua %32an jaitsi da. Datu hau eta beste asko azaldu zituen atzo Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenteak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura, Gazteria eta Kirol batzordean egindako agerraldian. Talde politiko guztien aurrean “gazteok bizi dugun egoera larria eta urgentea” kontatu zuen eta, beste hainbat datu emateaz gain, EGKren funtzionamendua, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinaturiko hitzarmena eta bai Euskadi mailan bai lurralde historiko honetan egiten diren proiektuak azaldu zituen.

EGK-k erakutsi  zituen beste estatistiken artean, hauek dira aipagarrienak: orain dela hogei urte baino 2 urte beranduago emantzipatzen gara eta, hau lortzean, %92ak zorrak izaten ditu eta %46a alokairuan joaten da; gainera, etxebizitza libre bat erosteko, gazte gipuzkoar batek batazbesteko soldataren %240a irabazi beharko luke. Gazteen langabezi tasa Gipuzkoan 2007an %3,8koa zen eta orain, zazpi urte beranduago, %27,6koa da eta ezin da ahaztu kontratuen behin-behinekotasunak gora jarraitzen duela.

Batzarkideek argiago izateko, Anduezak ere EGK-k nola lan egiten duen azaldu zuen: Eusko Legebiltzarraren sorrera legea, estrukturaren funtzionamendua, langilea izateko 30 urteko muga eta azken garaian egindako bi ekimen interesgarri, Gasteizko Hiriburuak eta Lehen Aukera bekak aldatzeko kanpaina. Batzordean zeuden politikariek aste honetan aurkezturiko Prekariokaren berri ere izan zuten, jolasaren ale batekin batera.

EGKren hitzek interes handia sortu zuten eta, agerraldia bukatzeko, talde misto, PP, PSE-EE, EAJ-PNV eta EH Bilduko batzarkideek galdera mordo bat egin zizkioten Anduezari.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .