- EAEko gune fisiko zein birtualak atxiki daitezke proiektura Gaur8 lantaldeak landutako manifestuarekin bat eginez
- Zigilua aniztasunarekiko onarpen jarreraren erakusle da eta balore positibo modura aditzera ematen lagunduko du
- EGK-k Indarkeria matxista eta indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloa hirutan jarri duela martxan adierazi du Maialen Olabek, EGKren presidentak.
Bilbo, 2016ko uztailaren 7a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Gune Anitza Zigilua aurkeztu du gaur goizean Bilboko egoitzan egindako prentsaurrekoan. Proiektu honekin bezero zein erabiltzaileak gune fisiko eta birtualen politikez ohartarazten dituzten seinaleetan zegoen gabezia osatu nahi izan du EGK-k aniztasunaren aldeko konpromiso adierazten zuen seinalea sortuz.
Gune Anitza Zigilua nola lortu
Gune Anitza Zigilua lortzeko gune fisiko zein birtualek Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Berdintasun lan-arloak eta Gaur8 lantaldeak garatutako Manifestu Anitzarekin bat egin besterik ez du egin beharko. Bai lan-arloa eta bai lantaldea ezinbestekoak izan dira zigilua abiatu ahal izateko, EGKren diskurtsoaren egituraketan gogoetarako eta eztabaidarako guneak baitira.
Espazio fisiko zein birtualek Gune Anitza Zigilua eskatzean aniztasunarekiko onarpen jarreraren erakusle izango dira eta aniztasuna balore positibo modura aditzera ematen lagunduko dute, egun ere dagoen bereizketa eta ezjakintasunari aurre eginez.
Indarkeria matxista eta indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloa hirutan martxan
Agerraldian ekainaren 22ko Ezohiko Batzarrean onartutako Indarkeria matxista eta indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloa hirutan martxan jarri behar izan dutela adierazi du Maialen Olabek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidenta berriak. “Lehena ekainaren 27an, Irun eta Ibarran izandako indarkeria matxista kasuengatik; bigarrena Harrotasunak ez du mugarik leloa zuen manifestazioan EHUko LGTB Ligako partaide batek jasandako erasoagatik eta azkena gaur goizean, Moyuako plazan EHUko LGTB Ligako kide batek jasandako erasoagatik”.
Indarkeria matxista eta indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloa Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Berdintasun lan-arloak eta Gaur8 lantaldeak garatu dute hainbat saiotan. Olabek azaldu duenez “salaketa Ertzaintzaren aurrean edo publikoki egiten dela dakigun unean abian jartzen dugu protokoloa eta informazioa dugunean webgunean eta sare sozialetan publikatzen dugu. Azkenik prentsa-oharra bidaltzen diegu hedabideei”.