Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri.
2018a hasi berri bada ere, gizarte bezala, jada baditugu hainbat erronka mahai gainean. Eta gazteon egoera espreski aztertzen badugu zerrenda ez da laburragoa. Lan egoki bat eskaintzea, prekarietatearekin amaitzea, kontratazio-formak egokiak izatea, langile eta enpresaren artean harremana egotea, etxebizitzarako sarrera erraztea emantzipatzeko aukera erreala izan dadin, emakume eta gizonen arteko berdintasuna erdiestea, LGTBI+ kolektiboaren beharrizanak asetzea, gizartean aniztasunaren balorea zeharkako bihurtzea eta berau eguneroko bizitzan onartzea. Azken finean, Euskadiko gazte orok bere bizi-proiektua aurrera eramateko aukera izatea. Kanpora joan behar izanik gabe.
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen “Aurrera begira 2017: Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” txostenean adierazten den bezala lana eta lanarekiko aurreikuspenak, bai eta dirua ere, dira aurkeztutako hamar bizi-alderdietatik gazteok okerren baloratzen ditugunak. Egia da azken urteetan adierazlea gero eta hobeto ikusten dugula, baina oraindik bada zer hobetu. Horretaz gain, inkesta egin zaienen % 46ak urtebetean ez du uste emantzipatuko denik. Esanguratsua da emakume eta gizonen artean oreka dagoela eta 20-24 urte bitartean % 57ra igotzen dela.
Lana eta emantzipatzea bizi-proiektua egiteko euskarrietako bi direla aipatzen da beti. Beraz, esan genezake 2017ko urrian Euskadiko gazteek euren bizi-proiektua oso bideragarri ez zutela ikusten. 1.512 inkesta izan dira oinarri aipatutako ondorioak eta beste asko ateratzeko, txostenaren sarreran dioen bezala “herritarrei eta esparru horretan erantzukizun politiko edota teknikoak dituztenei tresna erraz eta sintetiko” bat emateko eta “gazteen egoeraren ebaluazioa eta jarraipena” egiteko.
Ebaluazio eta jarraipen horretan kontuan izatekoak dira kanpora joan direnak eta joango direnak. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan oso argi dugu, SOS Gazteak lanean hala islatu genuen eta behar den bestetan errepikatuko dugu: gazte batek kanpora joan nahi badu, bere hautua delako, aurrera. Baina administrazioetatik neurriak hartu behar dira adierazle honek erakusten duen errealitatea aldatzeko. Izan ere, hamar gaztetik batek uste izatea atzerrira joan beharko duela, nahi ez badu ere. Eta hori ez da zilegi. Zergatik joan behar du gazte batek kanpora bere bizi-proiektua Euskadin egin nahi badu?
Bigarren pausuaren beharra
Antzeko inkesta edo iritzi-bilketak beharrezkoak dira, gazteoi gure egoera azaleratzeko balio baitute. Baina, zoritxarrez, bertan esandako guztiak ez du ezertarako balio identifikatu eta mahai gainean jarri diren arazoei irtenbidea ematen ez bazaie; egindako ekarpenak bideratzen ez badira eta egindako proposamenak kontuan hartzen ez badira. Hau da, Aurrera begira lan egin behar da, jarraipena eman, lortutako informazioa erabili.
Nola egin hori? Politika publikoen diseinuko fase guztietan gazteon parte-hartzea bermatuz, iritzia emateko espazioak sortuz. Ez dut nik orain formula magikorik aipatuko. Dinamikak eta metodologiak hamaika dira. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan, besteak beste, Hiruburu formatua lantzen dugu. Gaia lantzeko asmoz, pertsona gazteak eta administrazioetako teknikari eta politikariak biltzen ditugu elkarlanean arazoak identifika ditzagun, ikuspuntu-elkartrukea egon dadin eta gazteok zuzenean buruan duguna esateko aukera izan dezagun.
Argi dago honek kolpez ez dituela arazo guztiak konponduko, baina kolektibo bati zuzenduko zaizkion politiketan bere ahotsa kontuan ez hartzea ez da zentzuzkoena. Ateak ireki behar dira eta parte-hartzea sustatu. 2017an hainbatetan aldarrikatu dugu gazteon lidergo soziala. Zenbatetan entzun da belaunaldirik prestatuena garela? Inoiz baino ikasketa gehiago ditugula?
2018a aprobetxa dezagun gazteon parte-hartzea ahalbidetuko duten espazio horiek sortzeko, denontzako mesedegarria izango baita.
Maialen Olabek, EGK-ko presidenta
2018-01-31
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian