Gazteon presentzia bermatuko duten espazioak sortu behar ditugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Gazteon presentzia bultzatu eta bermatuko duten espazio eta guneak sortu behar ditugu

Artículo publicado originalmente en euskera en la revista Gazteberri

Zoritxarrez, Euskal Herria gris kolorekoa izan da urte luzez. Gris kolorea gatazka politikoan eta sufrimenduan oinarrituta. Gatazkaren ondorioak inguruan izan ditugu behin eta berriz, euskal gizartearen parte bihurtu ziren eta horrek eten bat zabaldu zuen gure artean. Baina, eragile asko izan dira ‘gris’ horren aurka lan egin dutenak, bakea bermatzearen alde lan handia egin dutenak.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) ibilbide eta lan horren erreferente bat izan da. Eusko Legebiltzarrak 1986an sortutako lege baten bidez sortu eta hasi zen lanean. Ordutik dabil bideak eraikitzen, gazteek lurraldearen garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte har dezaten. Horregatik, ia 31 urte eman bake-kultura bat sustatzen.

Hasieratik, gazteen eta administrazioaren arteko zubi-lana egitea izan da helburu nagusia. Hori dela medio, EGKren lehengo pausuak momentuko gaiak izan ziren; antimilitarismoa edo kontzientzia-eragozpena, besteak beste. Urteak pasa ahala, gazte- eta bake-gaiak eraldatzen joan dira eta 2014an, Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin lankidetza-hitzarmena sinatu genuen. Horrek aukera eman zion EGKri bakearen gaia zuzenean lantzeko lan-arlo finko batekin.

Lehen aipatu dudan bezala, EGKren helburu nagusia zubi-lana egitea da. Bake eta bizikidetzaren kasuan, gazteon ahotsa erabakitze-espazioetatik urrun zegoela identifikatu zen, nahiz eta gris kolorearen arrastoa pairatu. Gauzak horrela izanda, EGK-k sinatutako hitzarmenaren baitan, hainbat proiektu garatu ziren gazteon testigantzak, bizipenak, proposamenak, etab. jasotzeko asmoarekin.

Izan ere, gazteoi gehien eragin diguten gertakariak ez dira eremu publiko eta mediatikoan emandakoak —horiek eragin diguten arren—, bazik eta gure egunerokotasunaren parte izan direnak, gertuko gure ingurunean gertatu direnak —familian, auzoan, lagunartean edo herrian—. Gertakari horiek gure bizipen pertsonalak dira jada, eta, beraz, gure identitatearen eta iritziaren parte ere bai.

Proiektu horietako bat, “Bake Ibilbideak” izan zen. Honen barnean, gertakari bizipen eta sentimendu guztiak —partekatuak izan ala ez— gordetzen dituen marko komun bakarra hiria izan eta izango zen. Bizitako hiru denbora-ardatzak (iragana, orainaldia eta etorkizuna) espazio fisikora ekarri nahi izan zituen ekimen honek. Horrela, hiru bazter horiek batu egiten ziren ibilbide bakar batean. Elkarrizketarako tartea egon zen, eta uneko zama humano eta sinbolikoa jaso zuten ekintzak ere egin ziren.

Baina hau ez da Bake eta Bizikidetza lan-arloan egindako proiektu bakarra, asko izan dira. Besteak beste, “Bakehizketak” proiektua, asteburu bateko bizikidetza-espazioa. Gazteak eta euskal errealitatearen hogei erreferente elkartu ziren topaketa honetan. Elkarrekin emandako asteburua bost zatitan banatuta zegoen. Saio bakoitzean, edukiekin bat zetorren dinamika bat egin zuten eta, gero, zuzendutako hizketaldia egon zen, non gonbidatu ezagunek hartu zuten parte.

Azken finean, bi proiektu hauen helburua bakeari eta bizikidetzari lotutako zenbait errealitateri, bizipeni eta ikuspuntuei buruz gogoeta egitea zen. Eta hau zertarako egin genuen? Gazte Kontseilu bezala dugun helburu nagusia aurrera eramateko. Gazteok gertatutakoari buruzko hausnarketa kritiko bat egiteko eta hortik, aldaketarako ditugun proposamenak gizartearen eta administrazioaren aurrean defendatzeko.

Zein ziren proposamen horiek? Bat nabarmenki. Gazteon presentzia bultzatu eta bermatuko duten guneak sortzea. Etorkizuna eraiki eta bakea bermatu nahi bada, gazteak prozesuaren parte sentiarazi behar ditugu. Bestetik, hizkuntzaren erabilera zaintzea. Erabiltzen ditugun hitzak eta horiek atzean duten zama ideologikoa aztertzea bizikidetza bermatzeko. Horretarako interesgarria litzateke baita belaunaldien arteko elkarrizketak sustatzea, bizipenak konpartitu eta ulertzeko.

Izan ere, belaunaldi guztiak, salbuespenik gabe, gara gatazkaren konponbidearen parte. Gazteok ere. Eta horregatik, bizikidetza eraikitzeko gazteon presentzia bultzatu eta bermatuko duten espazio eta guneak sortzen jarraitu behar dugu.

Maialen Olabe, EGK-ko presidenta
2018-04-25
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Deja un comentario

Tu email no se publicará. Los campos con * no pueden quedar vacíos.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.