-
Gaur, abenduak 5, gazte boluntarioek egiten duten lanak aitortza eta aitorpena izatea aldarrikatzen dugu. Egingo ez balitz hainbat behar ase gabe geratuko lirateke
-
COVID-19ak sortutako erronka eta arazoei irtenbidea emateko boluntario gazteek izandako lana izugarria izan da eta EGKtik balioan jarri nahi dugu
Hilabete oso gogorrak izan dira azkenak eta gizartean hainbat arrakala, arazo eta desberdintasun areagotu dira. Horren aurrean administrazioetatik zein gizartetik erantzun bat ematen saiatu dira eta, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, aitorpena eta aitortza izan dute. Gaur, abenduak 5, EGKtik gazte boluntarioek egoera zaurgarri horietan bizi diren pertsonei laguntza eskaintzeko erakutsitako konpromisoa eta ardura eta egindako lana azpimarratu nahi dugu. Zoritxarrez gazteoi buruz beste irudi batzuk izan dutelako oihartzun gehiago. Eta ez da zilegi. Izan ere, nolakoak izango ziren azken asteak boluntarioen lana gabe?
2017an #IzanZuAldaketa kanpainarekin edo iaz #Boluntaldia argazki-lehiaketa eta topaketarekin boluntariotza ikusaraztea zen asmoa. Egunero, aste-bukaeretan, opor tarteetan edo COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera bereziei erantzuteko hor daudelako izaera askotako elkarte mordoa. Eta beti ez dute merezi bezain beste aitortza.
Arazoei irtenbidea emateko lanean
Lehen unetik azaldu genuen erantzuteko eta ahal zen neurrian laguntzeko gure prestutasuna: elkarteen bitartez, auzo zein herri mailan antolatutako laguntza sareen bitartez, janari eta arropa bilketekin, etab. Hala erakutsi zuen martxoan Gazteen Euskal Behatokiak egindako #EsanNolaDaramazu inkestak eta berretsi du urri amaiera eta azaro hasiera bitartean egindako #NolaDaramazu galdetegiak.
Gaur, abenduak 5, pausu bat haratago joan nahi izan dugu. Batetik, jarraian duzun PDFan, gazte boluntarioek euren jardunean identifikatutako erronkak eta gizarte bezala aurrera begira egin beharrekoa zer den jarri ditugu mahai gainean Gizartean aktiboki parte-hartzen eta boluntariotzan aritzen diren gazteek denon onurarako konpromisoak eta erantzukizunak hartzeko gaitasunak garatzen dituztelako.
Bestetik, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, testigantzak biltzeko bideo bat garatu dugu. COVID-19ak gogorki kolpatu zuen hiria eta pandemiak eragindako konfinamenduari eta osasun ondorioei aurre egiteko ehundaka dira lan boluntarioetan jardun zuten gazteek. Zergatik? Zer atera zuten bertatik? Helburuak bete ziren? Nola? Guk erantzun beharrean, hobe haiek esandakoa entzutea.
Boluntario gazteak protagonista
Bi euskarri hauen bitartez gazteek gizarte erakundeetan egindako lana balioetsi eta boluntariotzan aritzeko dauden aukerak erakutsi nahi dira. Fokua benetako protagonistengan jartzeko. Orain zuk ere laguntzeko gogoa izan baduzu, informazio gehiago behar izanez gero edo bideoko esperientziak barruan zerbait piztu badizute, zuk ere lagun dezakeu. Garrantzitsuena lehenengo pausoa ematea da, informazioa jasotzea erabakitzea eta galdetzera hurbiltzea. Nola?
- EGKren baitan Gasteiz zein Euskadi mailako elkarteak daude. Webguneko nor gara atalean elkarteen zerrenda luzea aurkituko duzu eta bertan haien gaineko informazioa eta harremanetarako bideak. Edo gure bulegoetara hurbil zaitezke
- Batekin Arabako boluntariotza eta parte-hartzerako agentzia. Haiekin harremanetan jartzeko idatzi aupa@batekin.org helbidera, deitu 943428013 zenbakira edo gerturatu bulegora (Santa Maria Kantoia, 4).
- Bolunta Bizkaiko boluntariotza eta partaidetzarako agentzia da. Haiekin harremanetan jartzeko idatzi boluntariotza@bolunta.org helbidera, deitu 944161511 zenbakira edo gerturatu bulegora (Ronda kalea, 2.solairua).
- Gizalde: Gipuzkoako boluntariotza eta partaidetzarako agentzia. Haiekin harremanetan jartzeko idatzi gizalde@gizalde.eus helbidera, deitu 943428013 zenbakira edo gerturatu bulegora (Idiakez Kalea, 6).
Bide guzti honetan gure asmoa boluntario gazteak protagonista izatea da. Eurei ematea hitza, eurek zuzenean kontatu ahal izatea zein den errealitatea, nolakoa den boluntariotza, dituen alderdi onak eta ez hain onak eta zein diren erronkak. Eta helburu horiek lortzeko eta osatzeko, gazteen lekukotza gehiago biltzen duten paneltxoak egin ditugu eta bideoan jasotako esperientzietan sakontzeko abenduaren 2an Instagram zuzenekoak (Batekin agentziako Zulaima, Gurutze Gorriko Diego eta Gorabideko Maialen) egin genituen. Esteketan ikus ditzakezu berriro.
Eta, noski, zuk bestelakorik gehitzeko baduzu kontaiguzu hezkuntza@egk.eus helbidean edo deitu 944436143 (Irati) zenbakira. 2021ean ildotik jarraituko dugu eta etorriko den Gazteriaren Euskal Legean erreflexua izatea da gure asmoa.