Maskulinitate eredua zalantzan jartzea berdintasuna indartzeko neurri bezala. Cuestionamiento del modelo de masculinidad como medida para reforzar la igualdad - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

25 November, 2020

Maskulinitate eredua zalantzan jartzea berdintasuna indartzeko neurri bezala

  • Berdintasun mezuak emakumeei bideratzea ohikoa da; EGKtik fokua gizon gazteengan ere jartzea aldarrikatzen dugu

  • Indarkeria Matxistak hamaika aurpegi ditu eta gizarte bezala erantzun behar zaie, talde eta eragile oro inplikatuz

Bizi garen gizartea eredu heteropatriarkalean dago oinarritua eta jaiotzean dugun sexuaren arabera genero-rol batzuk ezartzen zaizkigu. Hau da, ‘berez’ atxikitzen diren zenbait ezaugarri, jarrera, portaera eta rol multzo, inertziaz, iraunarazi eta betikotzen direnak eta ditugunak. Horregatik, gaur, azaroak 25, fokua maskulinitate eredua edo ereduetan jarri nahi dugu.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna heldu bezala kanpainak, iritzi-artikuluak eta albisteak biderkatzen dira. Ia guztiek emakumea dute hartzaile. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) ordea, Indarkeria Matxistak dituen hamaika aurpegiei gizarte bezala erantzun behar diegula uste dugu. Eta, bide horretan, gizonezkoei eta mutil gazteei bideratutako neurriak eta mezuak ere aldarrikatzen ditugu

Eredu tradizionala deseraiki aurrera egiteko

Gaur aurkezten dugun bideoan maskulinitateren gaian aditu den Jokin Azpiazu (oso gomendagarria argitaratu zuen Masculinidades y feminismos’ liburua), gazteekin gaia jorratzeko materialak egin dituen Errotik Kooperatiba, Alboan gazte sarean maskulinitate eredu tradizionala deseraikitzeko ikastaroa egin duten bi gazteren esperientzia eta emakume gazteek aldarrikatzen dutena bildu nahi izan ditugu.


Gizonak, ustez, indartsuak izan behar dute, harroak, ausartak, lehiakorrak eta ez dute negarrik egiten; emakumeak, aldiz, ahulak fidelak eta umilak dira. Estereotipo horiekin eta hauek betikotzen dituen sistemarekin amaitzeko hezkidetza da gakoetako bat, bestelako balioak lantzea eta ikusaraztea.

Mila esker parte-hartzaileei zein espazioei (UPV/EHU, Hika Ateneo, BilboRock eta Azkuna Zentroa) zuen laguntzagatik eta erakutsitako prestutasunagatik. COVID-19ko garaietan zaila da antzekoak egitea eta elkarlanean arituta lortutako emaitzarekin oso gustura gaude.

Beti bezala, egindakoari buruz gehiago jakin nahi baduzu edo bestelakorik kontatu nahi badiguzu idatzi berdintasuna@egk.eus helbidera edo deitu 943429767 (Irati) zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.