EGK, gazte mugimenduen bozgorailu
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 25 urte bete ditu aurtengo maiatzean. Urteotan Gazte Eragileekin eta Elkarteekin eginiko sare lanak, Gazte mugimenduak lotu, zubiak eraiki zein eskubide sozialak aldarrikatzeko balio izan du. Batiste Ezeiza EGKko lehendakariak urteotako lanaren berri eman digu.
Euskal gazteriaren lehengo eta oraingo beharrak aldatu direla esango zenuke eta baita EGKren egungo funtzioa?
Gazteriaren egoera eta errealitatea behintzat bai, aldatu dira, eta are gehiago elkartegintzan. Krisi ekonomiko garaia bizitzeak ez du laguntzen gazteon bizi-proiektuak aurrera eramateko, emantzipaziorako aukerak murrizten baititu, honek dakartzan ondorioekin. Hezkuntza-planen aldaketak ere eragina du aldaketa honetan, eta lan-merkatuaren azken urteotako joerek zer esanik ez.
Gaur egungo euskal gazteok panorama gordina dugu gure aurrean, baina honek borrokatzen irakasten digu neurri batean, eta geure aldarrikapen, ideia eta hausnarketak aurrera eramaten.
Elkartegintzari dagokionean, gazte elkarte, asanblada, plataforma, talde eta gaztetxe ugarik dihardute lanean gaur egun eta berriak ere sortzen dira, nahiz eta orain arte nolabait klasikotzat jo ditzakegun esparruak (astialdi taldeak adibidez) pixkanaka indarra galtzen ari diren, boluntario moduan lan egiten dutenak batez ere.
Hala ere, EGKren oinarrizko funtzioa gehiegi ez dela aldatu esango nuke, gazteen behar, aldarrikapen, antolaketa-eredu eta partehartzearen alde jokatzea baita gure lana. Behar, aldarrikapen, antolaketa-eredu eta partehartzeko erak beharbada aldatu dira, baina gure papera bera da, haien alde egitea.
Zeintzuk dira EGKren lan ildoak?
Gazteon partehartzea bultzatzea gizartean, gazteon beharrak identifikatzea eta haien alde lan egitea, eta gazte elkartegintza bultzatu, antolatzen lagundu eta saretzea.
Nolako harremanak dituzue Elkarteekin, Gazte mugimenduekin eta Erakundeekin?
Lehenik eta behin, elkarteak dira EGK osatzen dutenak. Gazte elkarteen koordinadora modukoa da Kontseilua; haiek erabakitzen dute EGKko Batzorde Iraunkorreko kideak zeintzuk izango diren eta jorratu beharreko lan-ildoak zeintzuk diren.
Bestalde, EGKren lana gazte mugimenduen (elkarteak barne) eta erakunde publikoen arteko zubi lana egitea da, legez Kontseilua baita bi horien arteko solaskidea. Beraz, bi aldeekin aritzen gara lanean.
EGK-k komunikaziori garrantzi handia ematen dio, hala nola, Interneteko web ataria, paperezko hainbat publikazio, gizarte sareak, zein irrati bidezko komunikazioan ere aritzen zarete. Nola uztartzen dituzue sareko komunikazioa eta aurrez aurreko lana?
Interneti esker, egunero-egunero lau mila gazte eta elkarte baino gehiagorekin jartzen gara kontaktuan. Webguneak ehundaka bisitari ditu; Facebooken 3.400 jarraitzaile dauzkagu. Tuentin, mila lagun inguru, eta Twitterren, 400 bat. Pentsa, oso zaila izango litzateke hainbeste gazterekin egunero aurrez aurre egotea! Sare sozialen bitartez EGK-k egiten duena eta beste hainbat gazte-eragilek egiten dutena jendarteratzen saiatzen gara, eta aldi berean, gazte eta elkarte askok beren jarduerak eta gogoetak helarazten dizkigute sare sozialen bidez. EGK-k saretze lana egiten du: nola egin uko sare sozialei? Era egoki batean erabiltzen baditugu, sare sozialak mundua aldatzeko beste tresna bat izan daitezke.Ez dira nahikoa, baina bai beharrezkoak.
Paperezko argitalpenak baditugu ere, bai. Baina gero eta gutxiago. Ez bakarrik paper gutxiago gastatu nahi dugulako: Eusko Jaurlaritzak egin digun diru-murrizketagatik ere.
Komunikazioaren haritik, Gazte-borraste irratsaioak bi astero behin ematen dio ahotsa hainbat gazte egitasmori. Zer eskainiko du aurtengo egitarauak?
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Gazte Borraste irratsaioa egiten du Tas Tas irrati librean. Gazteok guk geuk nahi duguna eta nahi dugun moduan zuzenean esateko bide bat da Gazte Borraste. Isilpean utzi ohi diren ahotsak entzunarazteko tresna. Baina, horrez gain, irrati libre eta komunitarioetan parte-hartzeak beste zerbait suposatzen du ere: pertsonen eta herrien komunikazio eskubidea aldarrikatu eta praktikan jartzeko modu bat da. Komunikazioa giza garapenerako giltzarri bat da.
Aurten, Gazte Borrasten ‘Ametsurte’ berriari ekin diogu, ametsak izan daitezkeelako esnatzeko modua. Eta gure ametsen osagaiak, uhinetan, hauexek izango dira: elkartegintza, jendarte mugimenduak, berdintasuna, kulturartekotasuna, euskara, komunikazio eskubidea eta jarrera eraldatzailea.
Bukatzeko, 25 urteko lanaren ondoren nolako balorazioa egiten duzue EGK-k egun gizartean betetzen duen paperaz (diagnostikoa, etorkizuna…)?
Gazteria beti izango da borrokak aurrera atera beharko dituen gizarte taldea, bere burua antolatu nahi izango duena eta gizarteko hainbat aspekturekin talka egingo duena. Hala, Kontseiluaren eginbeharrak beti hor jarraituko du nahiz eta denborak aurrera egin, EGKk beti edukiko du izateko eta lan egiteko arrazoia. Elkartegintzaren errealitatea aldatzen ari da eta garaian garaiko diagnosia eginez momentuko egoerara moldatzen jakin beharko du Kontseiluak, bere lana kontestualizatuta, hori bai.
Hala ere, tamalez Kontseiluaren etorkizuna ez dago soilik Kontseiluaren esku, eta denborak esango digu zer gertatuko den EGKrekin.
EGKri elkarrizketa, Gazteaukerako blogean.