Indarkeria gordina jasan duen hiri edo zonalde bat zuzenean eta pertsonalki bisitatzeak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra du giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik. Are gehiago lekukotzak entzuteko eta bertakoekin harremana izateko aukera dagoenean.
Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) Batxilerreko 1. mailako ikasle-taldeei Auschwitz bisitatzeko aukera eskaini nahi diegu Etikasi programaren bitartez. Lau eguneko bidaia hezitzaile honetan, besteak beste, Auschwitz I Main Campen eta Shoah tailer pedagogikoan pertsonen istorioak ezagutu ahalko dituzte, Auschwitz II-Birkenau memoriala bisitatu eta Sonderkommando tailer pedagogikoa jaso edo Cracovia hiriko auzo eta ghetto judua ezagutu. Iaz Zumaiena ikastetxeko taldeak bizitako esperientzia albiste honetan eta bideo baten bidez jaso genuen.
Entregatu beharreko dokumentazioa
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean landutako proiektu honekin 30 plaza eskainiko ditugu Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeentzat. Horretarako honako dokumentazioa entregatu beharko dute otsailaren 25aren aurretik bakea@egk.eus helbidean:
- Izen-emate fitxa bete
- Bideoa egin eta martxoak 12rako fitxa teknikoarekin batera bidali
Bideoaren sorkuntzan ikasgela osoak parte hartzea garrantzitsua da, osteko formakuntza eta bidaia denek egitea baita helburua. Bideoaren abiapuntu modura galdera batzuk planteatu ditugu: Zer dira giza eskubideak? Giza eskubideen urraketaren bat identifikatu dezakezu zure inguruan? Zein? Zer da zure ustez giza eskubide urraketa guztiek amankomunean dutena? Eta ezaugarri hauek bere behar ditu:
- Originaltasuna eta sormena.
- Euskaraz, gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan grabatua izan behar da. Gaztelaniaz bada euskara ere agertzea bermatu behar da (azpititulu edo animazioetan, adibidez).
- Gutxieneko 3 minutuko eta gehienezko 6 minutuko iraupena izango du.
- YouTubek onartutako formaturen batean egina egon behar da. Irudi eta bideo guztiek egile-eskubide gabeak izan behar dute.
Era berean, bidaiaren aurretik zein ostean talde osoak formakuntza bat jasoko du prozesua osatu eta hausnarketak sakontzeko.
Ikastetxeko bi talde aurkez daitezke gehienez. Jasotako bideo guztiak ikusi ostean, epaimahaiak bere ebazpena apirilaren 2an jakinaraziko du. Hautatuekin harremanetan jarri ostean bidaien aurreko formakuntza maiatzeko lehen astean izango da. Eta bidaia ekaina amaieran.
Eta deialdiko xehetasun guztiak jarraian duzun PDFan topa ditzakezu.
Informazio gehiago nahi izanez gero, idatz iezaguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943429767/688737097 (Leire) zenbakira.