Parte-hartzea Europan: hainbat eredu berritzaile - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Parte-hartzea Europan

Euskadiko gazteen parte-hartzea sustatzeko tresna eta esperientziak eskaintzeko asmoarekin Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, Parte-hartzea Europan txostena garatu du. Administrazio, eragile, elkarte zein norbanakoentzat baliagarria izan nahi duen dokumentu honek gazteen parte-hartzea modu zuzenean sustatzen duten ekimen berritzaileak martxan jartzen laguntzeko baliabide teoriko-praktikoak aurkezten ditu.

Etengabe aldatzen ari den gizarte honen testuinguruan eta parte-hartzea gizarte-garapenaren ekinbide bihurtzeko asmoz, EGK-k Europan zehar garatu diren proiektuak aztertu ditu gerora Euskadin zer aplika daitekeen jorratzeko eta hainbat proposamen aurkezteko. Finean, pista erabilgarri batzuk aurkeztu nahi ditu, ikuspegi eguneratu batez eta Europari begira

Parte-hartzea Europan txostenaren egitura

Dokumentua osatzen duten atalak lagungarriak izango dira gaur egun gazte izateak zer esan nahi duen ulertzeko eta zer gai aztertu beharko diren parte-hartzea oraingo testuinguruan sustatzerakoan eta lantzerakoan. Hau da Parte-hartzea Europan txostenaren egitura:

  • Testuingurua: argitalpen honek gazteen parte-hartzearen alorrean Europan dauden forma berriak edo jardunbide egokiak eta administrazioek eta erakundeek parte-hartze hori sustatzerakoan jokatzen duten rola erakusten ditu. Horretarako, Europako Komunitateen Batzordeak hainbat gazte eta aditu kontsultatu ondoren garatutako Bultzada berri bat Europako gazteentzat liburu zuria izan da oinarri.
  • Aurrez kontuan izatekoak: parte-hartzea sustatzeko eta ezarritako helburua lortzeko erabiliko den metodologia oso garrantzitsua da, ia jorratuko den gaia bezain beste. Prozesu parte-hartzaile bat diseinatzerakoan jarraitu beharreko zortzi funtsezko urrats identifikatu dira: zergatik egin nahi den, zertarako, nortzuk parte hartuko duten, zer joko-arauekin, nola, noiz, non eta zer baliabiderekin.
  • Joera berriak:
    • a) Gazteei zuzendutako aurrekontu parte-hartzaileak
    • b) Plan komunitarioak
    • c) Parte-hartzea sustatzen duten proiektu hezitzaileak
    • d) Degradatutako edo abandonatutako espazioak gazteriarentzat berreskuratzea parte-hartzearen bidez
    • e) Garapenerako Lankidetzari buruzko tokiko edo eskualdeko politikak
  • Aplika daitezkeen metodologiak:
    • World Café: parte-hartzaile bakoitzari onurarik handiena eskaintzea helburu duen prozesu sinplea. Muina gizabanako bakoitzak ideia handi bat sortzeko ahalmena duela da. Giro atseginean partekatzea mahai batetik bestera joateko izanda, ideia-truke eraikigarriak sortzeko.
    • Giza liburutegiak: beste baldintza batzuetan hitz egingo ez zuten pertsonen arteko elkarrizketa sustatzeko tresna. Gizarte-kohesioa oztopatzen duten aurreiritzi eta estereotipoak apurtu nahi ditu, modu erraz batean.
    • Beer & Politics: saioak gehien dakien jendearengandik gauza berriak ikasteko eratu ziren, baina baita hitzaldian eta beraren ostean sorturiko elkarrizketen bitartez harremanak sortzeko ere.
    • Sare sozialak: Sare sozialen bitartez, gazteek proposamenak sortzen dituzte eta interesatzen zaizkien gaietan parte hartzen dute
  • Europako hainbat eredu: EGKtik gazteen parte-hartze soziala sustatzerakoan Europan dauden metodo eta esperientzia desberdinak aztertu dira, asko aipatutako metodologietan oinarrituak: alde batetik, gazteen parte-hartzearen alorreko proiektu pilotuak; eta, bestetik, Urbact programaren baitan parte-hartzearekin zerikusia duten eta sarituak izan diren esperientzia batzuk.

Zer iruditu zaizu txostena? Baliagarria suertatu zaizu? Edozer komentatzeko gogoa izanez gero edo gehiago jakin nahi baduzu, idatzi partehartze@egk.eus helbidera edo deitu 945220601 / 688676099 (Xuban) zenbakira.

Txosten deskargatu