Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto! aurkeztu dugu

Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto! txostena

  • Gazteek migratzaileei buruz pentsatutakoa eta nola antzematen dituzten aztertu da, baita aurreiritziei nola aurre egin

  • Gizarte bezala ditugun erronkak identifikatu eta hainbat eragilek (komunikabideek, administrazioek, sare sozialek…) dituzten ardurak eta jokatzen dituzten paperari buruz hausnartu da

2019ko ekainean Gasteizen egindako ekitaldian landu eta jorratutakoa biltzen du Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto!  txostenak. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean antolatua, gazteek migratzaileei buruz pentsatutakoa eta nola antzematen dituzten aztertzen du.

Abiapuntu bezala migratzaileekin zerikusia duten gaiak jorratzerakoan mahaigaineratzen diren hainbat termino eta kontzeptu aztertu dira. Batetik, euren arteko ezberdintasunak nabarmentzeko eta azalpenak emateko; eta, bestetik, erabilera okerrei amaiera emateko. Izan ere, informazio faltak edo datu ez osatuek zurrumurruak sortzea ekar dezake.

Esaterako, Gorrotoaren Piramidearen bitartez estereotipoa eta aurreiritzia ezberdintzen dira. Egia da antzekotasunak badaudela ―gorrotoarekin lotura ere bada―, baina aldea nabarmena da. Estereotipoak pertsona edo kolektiboari buruzko esajerazioak sortzea edo euren kultura eta erlijio desberdintasunari beldurra izatea da. Aurreiritzia, ordea, larriagoa da, aurrekoa askotan errepikatzen denean, askotan bakoitzak gainean daramagun ‘motxilaren’ ondorio.

Aurre egiteko estrategiak

Jokabide desegokiak deseraiki eta bizikidetza eta errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko erantzuna norbanakoarena da hasieran, baina une batetik aurrera gizarte bezala jokatu behar da. Bateko zein besteko estrategiak aipatzen dira txostenean, baita hauek aurrera eramateko moduak ere: kanpaina publikoak, zalantza sortzea, enpatia erakustea, ZAS!-en estrategia, etab.

Abiapuntu teorikoaren ostean dinamika parte-hartzailea egin zen bertaratuek aurreiritziei eta hauei aurre egiteko aukerei buruz hitz egiteko eta hausnartzeko. Gizarte bezala ditugun erronkak identifikatu ziren, bertako eragile edo talde ezberdinek (komunikabideak, administrazioek, sare sozialek…) dituzten ardurak eta jokatzen dituzten paperak azpimarratu ziren eta, azkenik, estrukturala den arazoari irtenbidea emateko egindako eskari eta proposamenak landu ziren:

  • Autokritika: Lanketa pribatua da, epe ahalik eta laburrenean egiteko konpromisoarekin. Bakoitzak berekin dakarren ‘motxila’ aztertzea, barnean zer dagoen begiratzea. Ostean, besteen aurreiritziei planto egitea posible izango da.
  • Gazteei zuzendutako proiektuak: proiektu orokorrez gain bereziki gazteentzat prestatuak behar dira, erreminta bereziak erabiltzen dituztelako. Soilik horrela egokituko dira kasuistiketara eta ezarritako helburua lortu. Esaterako, sare sozialak.
  • Erreferenteak: Planto egiterako orduan zein jarrera hartu behar den jakiteko erreferenteak behar dira. Gazteentzat erreminta egokiak dira, baita aurreiritziak pairatzen dituztenentzat ere.
  • Proiektuen izaera: Aurreiritziei planto egiteko estrategia eta proposamenek zeharkakotasuna izan behar dute angelu ezberdinetatik eragiteko. Aldi berean, aurreiritziak etengabe aldatzen diren heinean, proiektuak malguak izan behar dira ere.
  • Lanketa herrietan: Hirietatik haratago ere lanketa egin behar da, migrazio-prozesuak herrietara ere heltzen direlako. Herri txiki eta landa eremuetan sor daitezkeen erronkei erantzuteko lanketa egin behar da bizikidetza arazoak ez sortzeko. Ildo honetan, espazio hauek sentsibilizazio lanean asko laguntzen dute.
  • Saretzea: Gizarte egiturek eta saretzeek garrantzia dute zeregin honetan, kontaktu desberdinek aurreiritzidun ikuspuntuak auzitan jartzea ekar dezakeelako. Gainera, gizarte osoa inplikatuz gero auzoetan sor daitezkeen ghettoak edo ikastetxeetako segregazioa gutxitu daiteke.
  • Paternalismorik ez: aipatutako puntu hauek jorratzerakoan migratzaileen ahotsa kontuan izan behar da eta haiekin elkarlanean aritu.

Zer iruditu zaizu Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto! txostena? Gehiago jakin nahi baduzu edo hurrengo pausuak zein diren ezagutzeko idatzi bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943429767 / 688737097 (Leire) zenbakietara.

Txosten deskargatu