Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak txostena aurkeztu dugu - Presentamos el informe Islamofobia: feminismos, retos y visiones (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua)

Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak

  • Emakume gazte musulmanek pairatzen duten zapalkuntza bikoitza iraultzeko neurriak hartu behar dira

  • Ikram Bouzalmat, Chaimae Nakari eta Enara Arrietaren testigantzak eta jardunaldiko ondorioak biltzen dira txostenean

Bizikidetza eta berdintasuna ardatz dituen gizarte batentzat erlijioan oinarritutako bazterketak edo arbuioak egoteak ardatz hori kolokan jartzen du. Zoritxarrez, egun, islamofobia errealitate bat da. Are gehiago emakume gazte musulmanen kasuan, izan ere emakume izateagatik sufritzen duten zapalkuntza bikoitza da. Errealitate hori ezagutzeko eta gizarte bezala zer egin dezakegun aztertzeko garatu dugu Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak txostena.

2019ko irailean Donostiako Emakumeen Etxean egindako topaketan hiru testigantza Ikram Bouzalmat, Chaimae Nakari eta Enara Arrieta izan genituen oinarri. Ostean, parte-hartzaileekin solasaldia ireki genuen eta, amaitzeko, desiren putzuan bakoitzari barnetik ateratakoa islatzea eskatu genion.

Txostenaren egitura

Gaia kokatze aldera, txostenaren hasieran marko teoriko bat azaltzen da. Bertan islamofobia, genero-islamofobia eta feminismo dekoloniala definitzen dira. Izan ere kontzeptuak hainbat ikuspuntutatik azal daitezke, batzuetan ñabarduren ondorioz eztabaidak sortuz. Bide horretan Brigitte Vasallo eta beste hainbat adituren lana izan da oinarri, eta hala, zeharkakotasunaren garrantzia nabarmendu da erantzun orokor bat emateko orduan.

Ostean Ikram Bouzalmat, Chaimae Nakari eta Enara Arrietaren testigantzen pasarteak biltzen dira egindako ekitaldiaren laburpen modura. Azkenik, desiren putzuan gazteon eskari, aldarrikapen eta hobekuntza-proposamenak bildu genituen:

  • Iruditegia deseraiki: Emakume musulmanekiko sortuta dagoen iruditegiak matxismoarekin lotura zuzena du. Aurreiritzi hauek albo batera uzteko aldatzea ezinbestekoa da mendebaldeko feminismoak egituratu izan duen emakumearen iruditegia kolokan jartzeko. Bide honetan, hiru hizlariek azpimarratu bezala, komunikabideen papera auzian jarri behar da transmititzen dituzten mezuak kontuz hartuz.
  • Estereotipoei aurre egin: inkontzienteki denok estereotipoak ditugu eta hauek desegin behar dira. Janzkeraren eta itxura fisikoaren etiketak gainditu behar ditugu eta pertsona bezala tratatu. Hau da, desberdin denari mentalitate irekiarekin begiratu eta entzun.
  • Erreferenteak sortu: Ahotsa eman behar zaie emakume musulman gazteei.

Eta zuri zer iruditu zaizu Islamofobia: feminismoak, erronkak eta ikuspegiak txostena? EGKtik eskerrak eman nahi dizkiegu Ikram Bouzalmat, Chaimae Nakari eta Enara Arrietari euren lekukotzengatik. Eta nola ez parte-hartzaile guztiei ere.

Txosten deskargatu