Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaian izena emateko epea, zabalik!

Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaian izena emateko epea, zabalik!

Data: 2020-02-04 | 2020-03-31
Lekua: | Gipuzkoa
Ordua: 00:00 | 23:59

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izena emateko epea (18-30 urte) martxoaren 31ra arte zabalik dago. Gazte Epaimahaiak aukeratzen du Nazioarteko Film Laburren Lehiaketaren irabazlea. Zinemaldia apirilaren 23tik 30era izango da, Victoria Eugenia Antzokian. Hemen eman dezakezu izenaApirilaren 1ean izena eman dutenen artean zozketa egingo da.

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute. Apirilaren 23 eta 30 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 31ra arte irekita dago. Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta irabazleen izenak zinemaldiko webgunean ezagutzera emango dira.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horrezaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteei Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Asteko Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.

Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: solasaldiak, tailerrak eta erakusketak, besteak beste.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez, giza eskubideen inguruan kontzientzia kritikoa bultzatu nahi duelarik, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Agenda atzera

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.