Euskadiko Gazteriaren Kontseilua Uztaldi gaztetxearen utzarazpena salatu du

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua Uztaldi gaztetxearen utzarazpena salatu du

EUSKADIKO GAZTERIAREN KONTSEILUAK UZTALDI GAZTETXEAREN UTZARAZTEA SALATU DU

• Gazte elkarteen sareak espazio hauen lana aldarrikatu du

• Santutxuko gazte eta herritarrei babesa adierazi die erakundeak

Vitoria-Gasteizen, 2012ko irailaren 28an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gaur goizean burutu den Bilboko Santutxu auzoko Uztaldi gaztetxearen utzaraztea salatu du prentsa ohar baten bitartez.

Uztailaren 13an ireki zuten gazteek Uztaldi gaztetxea hamar urte hutsik egondako eraikin batean eta, zortzi astetara, irailaren 5ean, epaileak eraikina husteko agindua sinatu zuen. Gaur goizean 07.00ak aldera Ertzaintza agertu da gazteen gunera. Jarraian, eta Iturriaga kalea itxi ondoren, adreiluzko horma bat altxatu dute eraikinaren kanpoaldean. Gaur bertan biltzekoa zen Santutxuko Gazte Asanblada, ikasturteko plangintza adosteko. Gazteek adierazi dutenez, ez dute izan gaztetxean zuten materiala berreskuratzeko aukerarik. Arratsaldeko 20.00etarako manifestazioa deitu dute auzoko Karmelo plazatik abiatuta. Hori guztiaren aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Uztaldi gaztetxeko gazteei babesa helarazi nahi die eta honakoa adierazi:

1) “Gaztetxeak gazteriaren parte-hartze eta auto-antolakuntza guneak dira. Bertan, gazteen emantzipazioa bideratu eta hiritartasun aktibo bat bultzatzeko gaitasunak sustatzen dira, betiere gizarte eraldaketarekiko konpromisoa landuz. Autogestioa, gizarte mobilizazioen aktibazioa, asanblada eta bileretan parte hartzea, eginbeharren banaketa eta auzokide eta eragileekiko elkarrizketan aritzea suposatzen du gaztetxe batean parte hartzeak. Horrekin batera, jarrera kritiko baten garapena, komunikabideekiko harremanen kudeaketa, komunikazio tresna propioen sorkuntza eta beste hainbeste oinarrizko gaitasunen garapena ere badakartza, horiek guztiak ikuspegi kolektibo batetik hiritartasun aktibo bat gauzatzeko beharrezkoak.

2) Espazio eta zerbitzu publikoek ez diete beti gazteon behar, nahi, kezka eta errealitateei erantzun egokia ematen. Administrazio ezberdinek proposatutako zerbitzuek aurkezten dituzten ordutegi, baldintza eta edukien aurrean, Euskal Herriko milaka gazte hogei urte baino gehiago daramatzate gaztetxeetan antolatzen, kontsumoan oinarritutako aisialdiaren aurrean alternatibak sortzen. Bere denbora librearen norabidea erabakitzen dute, kanpotik datozkion eskaintzen hartzaile pasibo izan beharrean. Jardunaldiak, hitzaldiak, bideo-forumak, kontzertuak, eztabaidak, ikastaroak, musika taldeak, antzerki konpainiak, mobilizazioak eta jaiak antolatzen dituzte, besteak beste. Eta, hori guztia, hierarkikoak ez diren antolatzeko moduak baliatuta.

3) Jabetza pribatua interes publikoaren gainetik gailentzen den hiri-testuinguru batean, hutsik (eta, askotan, utzita) dauden lekuei erabilpena ematen diete gaztetxeek, auzoak, herriak eta hiriak suspertuz.
Hori guztiagatik, gaztetxeak beharrezkoak direla uste du gazte elkarteen sareak. Era berean, Uztaldi gunearen utzarazpenaren aurka mobilizatzeko eta gaztetxeen alde kalera ateratzeko deia egin die gazteei Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak”.

Animo eta aurrera, gazteak!

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren 31. Batzar Orokorrak onartutako testua, Donostian, 2012ko martxoaren 10ean.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .