Saharako bidaian landutakoa jakin nahi? Martxoak 21 Gasteizen zita! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Sahara-Euskadi: gazteon antzeko beharrak

Egun gazteon egoera nahiko genukeena ez dela argi dago. Eta ez soilik hemen. 2017ko urrian Saharara egindako bidaian lehen eskutik ikusi ahal izan genuen, zoritxarrez, bertan ere lan asko dagoela egiteko. Are gehiago Saharak azken mende eta hamarkadetan izandako aldaketa guztiak kontuan izanda.

Egoera hori dela-eta, hainbat herrialderen laguntza jaso dute eta zehazki, Euskal Herriak, denboran zehar, laguntza handia eman du. EGKn, esan bezala, Arabako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) lagunen elkartearekin eta beste gazte kontseiluekin (Katalunia, Nafarroa eta Espainia) gazteon ahalduntzea sustatzeko formakuntza egin genuen Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuan. Eta, nola ez, berau antolatzeko hainbat gauza izan genituen kontuan: bereziki Saharako testuingurua eta Arabako SEADen Lagunen elkarteak eta Nafarroako Unibertsitate publikoak egindako Saharako kanpamentuetako gazte errefuxiatuak. Linboaren ziurgabetasunean harrapatuak ikerketa.

Elkarte honek 80ko hamarkadatik Saharar Herriaren autodeterminazioren alde egin du lan, Mendebaldeko Saharako okupazio eta erbestearen kausak eta ondorioak gizarteari helarazten eta giza eskubideen alde lan eginez.

Txosten honen abiapuntua, azken urteotan identifikatutako erronkak izan dira. Izan ere, duela gutxi arte gazteen egoera ez da sakonki aztertu, ez behintzat modu kualitatibo eta kuantitatiboan. Horri erantzuteko, 2017an saharar gazteen pertzepziotik eta esperientziatik abiatuz, saharar kanpamenduetako gazte errefuxiatuen egoera eta beharrak ezagutzeko eta ebaluatzeko egin zen ikerketa.

Egun, kanpamentuetan 165-000 pertsona bizi direla kalkulatzen da; % 40a 16 eta 45 urte bitarteko gazteak. Era berean, txostenak, eskakizun nagusiak zerrendatzen ditu: lehenik, enplegua sortzeko eta formakuntza —bereziki profesionala— bat jasotzeko guneak sortzea; bigarrenik, parte hartzeko orduan, aisialdiko ekintzak bermatzea, berdintasun-politiken garapena eta gazteen parte-hartze aktiboago bat sustatzeko tresnak jasotzea; eta, hirugarrenik, osasunaren mailan elikadura, ingurune fisikoa eta buru osasunerako baliabideak eta zaintza hobetzea. Azkenik, kultura eta erlijioa iraunaraztea aipatzen dituzte Saharako gazteek.

Saharan emandako formakuntza

Testuingurua eta ikerketan agertutako datuak direla-eta, gazte kontseiluok Saharako gazteen ahalduntzea sustatzeko formakuntza diseinatu genuen. Ikerketako datuetatik ondoriozta daiteke enplegu politiken garapenaren eskutik datozela bizi proiektuak aurrera eramateko aukerak edo bideak. Horregatik, gazte kontseilu bezala gure helburua gazteen parte-hartzea bultzatzeko formakuntza bat ematea zen.

Informazioa eta metodologiak elkartrukatu ostean, Saharar gazteriari elkartegintzarekin lor daitekeena azaltzen saiatu ginen: hobekuntzak, ikasi daitekeena, politika publikoetan eragina izateko aukera, etab. Noski, beti ere aurrez aipatutako egoera eta kasuen ezberdintasunak ahaztu gabe.

Esan bezala, EGKn Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatu eta bertako errealitatea hurbiletik ezagutu genuen. Horri esker, gazteriarekin lanean haritu eta informazioa elkar trukatu ahal izateari esker, bi errealitateen alderaketa egin ahal izan genuen: esperientzia pertsonaletik ezagutu, puntu komunak bilatu, interes berdinak ditugula ikusi, etab. Tarte horretan hainbat kontuk atentzioa eman digute, esaterako gai politikoekiko duten interes handia eta parte hartzeko duten jarrera oso positiboa.

Era berean, berdintasun-politikak garatzeko beharra lehen eskutik ikusi genuen, formakuntzan parte hartu zuten emakumeek berdintasun-arloan informazio-falta nabaria ikusten zutela kontatu zigutelako.

Bidaiatik bueltan, bizipenak euskal gazteriari transmititu nahi genizkion, bertako egoera ikustarazteko. Horretarako, proiektu honen ondorioak jasotzen dituen Saharar gazteria ahalduntzen bideoa egin dugu. Pasa den astean Gasteizko ekitaldi batean aurkeztu genuen, Saharako egoera ikuspegi ezberdinetatik lantzeko eta EAEko eta Saharako gazteen esperientzia-elkartrukea bermatzeko.

Maialen Olabe, EGK-ko presidenta
2018-03-28
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.