Prentsa oharra: “Gazteen lan osasunaren alde, prekarietatearekin amaitu”

Lan baldintzen okertzeak “gazteen osasunari kalte egingo diola” salatu dute

Prekarietatearen areagotzeak gazteriaren lan-istripu kopurua handitu dezakeela ohartarazi dute

16 eta 35 urte bitarteko pertsonek ezbeharren %40a sufritzen dute

Gasteizen, 2011ko apirilaren 26an. Hurrengo Osasun Laboralaren aldeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan (hilak 28, osteguna) Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta beste 12 elkarte, sindikatu eta talde politikok* lan baldintzen okertzeak “gazteen osasunari kalte egingo diola” salatu dute. Jendarte eragile horien arabera, “lan baldintza kaskarrak lan-ezbeharren zergati zuzen bat dir eta, beraz, kontuan izanda gazteak direla baldintzarik okerrenak (eta are eta okerragoak) jasaten dituztenak, bere lan-osasungarengan eragin bereziki latza izango du prekarietatearen areagotzeak”.

Gazteriaren lan-osasuna kaskarragoa denaren erakusle da jendarte eragileek eskaini duten datua: 16 eta 35 urte bitarteko pertsonek EAEn jazotako lan-ezbeharren %40a sufritu dute, koletibo hori langileria aktibo osoaren %31 baino ez bada ere.
PREKARIETATEAK “osasuna kaltetzen du”
“Pairatzen ditugun lan baldintza kaskarrek larriki kaltetzen dute osasun mentala zein fisikoa”, salatu dutenez. Ildo honetan, “gazteek lan-baldintza txarrenak jasaten dituztela” gogorarazi dute: aldi baterakotasun tasa altuak eta behin behinekotasun kronikoa, langabezi tasa ia hirukoitza, lan sari baxuagoak eta sistematikoki erabiltzen diren ez ohiko kontratazio formulak (bekak, praktikak…), zeintzuk ez diren lan-istripuen estatistika ofizialetan agertzen, etxeko langileen kasuan bezala. Hori bakarrik ez: “lan karga astunak, ordutegi txarrak eta gain-kualifikazioa pairatzen dute, bai eta negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomian ematen den enplegua, mugikortasun geografiko altua eta azpi-kontratazioa ere”. Gainera, “denboran zehar arrisku zehatz batzuei aurre egin behar izanaren ondorioak jasaten dituzte gazte askok (kargen manipulazioa, behartutako jarrera, kutsatzaile kimiko edo biologiak…); egoera kaskar horien ondorioz gaur gazteak direnak izango dira bere osasuna kaltetuta ikusiko dutenak”.

Baldintza hauekin, enplegua, “integrazio eta errealizazio pertsonalerako bidea izan beharrean, isolamendua eta esplotazioa” eragiten dituela azpimarratu dute elkarte eta sindikatuek. Gauzak horrela, gero eta ohikoagoak dira bai gaixotasun fisikoak (kardio-baskularrak, hesteetakoak, muskularrak…), bai psiko-sozialak ere (antsietatea, estresa, menpekotasunak, depresioa); zentzu horretan, gazteen %43,1a langabezian egoteak bere osasuna okertzen du”,

“Lan baldintza OKERRAGOAK… eta OKERRERA”
“Hori guztia gutxi balitz, gazteen lan baldintzak okerragoak izateaz gain, okerrera dihoaz, langilego osoarentzat bezala, Lan Erreforma eta Akordio Sozial eta Ekonomikoa direla medio”. Hori baieztatu dute manifestuaren sinatzaileek. Haien hitzetan, politika horiek “prekarizazioari eta murrizketari estalki legala eman diote”. Izan ere, “lanetik bidaltzea errazten baita, lanera behin eta berriroko huts egiteetan, arrazoi objetiboengatik egindako bidalketen tasa %5tetik %2,5era jaitsiz; bestalde, Gizarte Segurantzaren Institutuari langile bati alta emateko aukera ematen zaio, Osakidetzako medikuaren iritzia kontutan izan gabe; gainera, epe laburreko lan bajetan Mutuen kontrol gaitasunak hazten dira eta, horrez gain, ETT-ek ere paper garrantzitsuago bat eskuratzen dute, bai eta irabazi asmoa duten enplegu agentzia pribatuak ere”. Azken hauei dagokionez, “bitarteko laboral publiko bezala sartzen dira, eta jakinak dira kontratazio formula horrek gazteengan dituen ondorioak (etorkizun bat planifikatzeko ezintasuna, etengabeko lan aldaketak, ezegonkortasuna, eta abar)”, azaldu dutenez.

“Ekonomia neoliberalak etekinak pertsonen osasunaren gainetik jartzen dituen” testuinguru honetan, Lan Agintaritza, Lan Ikuskaritza eta Osalanen esku hartzea “eskasa eta partziala” dela salatu dute jendarte mugimendu eta sindikatuek. Zentzu honetan, sinatzaileen esanetan “tamainako aurrekontua ez izateari, Osalanek bere aurrekontuetan jasan duen %43ko murrizketa, patronalari aurre egiteko borondate politikorik eza eta pertsonal gabezia gehitu behar zaie”. “Ez dute, bestalde, interbenzio politika nahikorik, eta askotan arazoa bera eragiten duten baldintzak mantentzen laguntzen dute”, adierazi dute.

Hori guztiagatik, manifestua izenpetu duten erakunde eta elkarteek hainbat neurri proposatu dizkiete administrazio eta erakundeen arduradunei, “gazteen osasuna hobetze aldera”. Proposamenen artean honako hauek daude: lan erreforma bertan behera uztea, ez-ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza ezartzea, pentsio erreformaren gelditzea eta enpleguaren desintentsifikazioa, hala nola gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetuko dituzten neurrien abiatzea.


*SINATZEN DUTE: Pastoral Obrera, Atseden Eskola, Atseden Taldeak, Berri Otxoak, Ekintza Katoliko Orokorra-gazteria, ESK, Ezker Batua Gazteak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Ezker Gogoa, Iratzarri, Gazte Komunistak, Juventud Obrera Cristiana, LAB, Sare Antifaxista.

MANIFESTUA DESKARGATU:

Manifestua

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .