prekarioka

prekarioka.org, gazteriaren lan baldintza prekarioen oka jolasa aurkeztu da

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) kideek gazteriaren prekarietatearen errealitate konplexu eta larria salatzeko garatu duten PREKARIOKA jokoa ezagutzera eman dute. Aurkezpena Donostiako UPV/EHU-ko campusean zeuden ikasleekin batera egin da Prekariokaren taula erraldoi bat erabiliz, eta dagoeneko jokoa interneten eskuragarri dago www.prekarioka.org webgunean. Bertan, bizi dugun lan-egoeraren hamaika aurpegi ikusten direlarik: praktika kontratuak, beken lan baldintzak, formazio kontratuak, lan emigrazioa, behin-behinekotasuna, autonomo faltsuen fenomenoa… egoera zail ezberdin jaso ditugu jolasaren 24 kasiletan!

Itsaso Anduezak, EGK-ko presidenteak, proiektu honen gora beherak azaldu ditu. Bere hitzetan “gazteon prekarietatea joko taula zabal bat bezalakoa da: hamaika aurpegi ezberdin ditu eta gazteak kutxatila batetik bestera zori hutsez bezala mugitzen gara; batzuetan, aurrera egiten dugula badirudi ere gure lan baldintzek atzera egiten dute; inoiz, ez dakizu non eroriko garen, zein izango den gure hurrengo egoera prekarioa; eta behin jokatzen hasita, ez dugu jokotik irteteko aukera askorik”. Prekariokak oka joko tradizionalarekiko ezberdintasun bakarra dauka: behin azken kutxatilera helduta, jokoa ez da bukatzen. Horrela ba, leloan isladatzen da EGK-k egin nahi izan duen salaketa: “gazteriaren lan baldintzak ez dira jolasa”. Anduezak azaldu duen legez “gutariko bakoitzak ez ditugu hemen aurkitzen diren egoera guztiak bizi izan, baina gazte guztiak islatuta ikusiko gara egoera batean edo bestean”.

Oka jolas honen helburuetako bat gazteek lan merkatuaren baldintzak hobeto ezagutzea da, EGKko kideen hitzetan “orokorrean, beka, praktika edo lan bat lortzen dugunean ezartzen dizkiguten baldintzak zuzenean onartzen ditugu letra txikia ondo irakurri gabe. Baina, askotan, gure eskubideak urratuak izaten dira eta ez gara konturatu ere egiten”.

EGK-k garatutako oka jokoak 24 kutxatila ditu, baina agian gehiago izan zitzakeen. Berez, orain Prekarioka gazteen parte hartzearekin osatu nahi da eta horregatik, gazteren batek bizi izan duen egoeraren bat faltan botatzen badu edo jasota dagoen bati ekarpenik egin nahi izanez gero, bere iritzia webguneko iruzkinetan argitaratu dezakeela azaldu dute Kontseiluko arduradunek; berezko kutxatil bat sortu da honetarako, 22.a “prekarietateak beste mila aurpegi ditu” izenarekin.

Oka jokoa administrazioei bidali zaie, batez ere gazteria eta enpleguan eskumenak dituztenei. Hurrengo asteetan gazteengandik jasotzen diren ekarpenak ere kontutan izango dira “prekarietatearen eta errealitatearen irudia osatzeko oso baliagarria izango delako” eta, ideia hauek batu eta adiministrazio eta politikariei helaraziko zaie. Ahalik eta zabalpen handiena lortu nahi da eta, horregatik, gazteak kutxatila guztiak ezagutzera eta jokoa sare sozialetan elkarbanatzera gonbidatuta daude!

Proiektu honek EGK-k aurretik egindako beste ekimenen ildoa jarraitzen du, lan emigrazioaren inguruko “SOS Gazteak” edo ekintzailetzaren “Gazte, ¿Emprendes o empierdes? #EkinalaPlof” kanpainak, besteak beste.

Hainbat hedabidek kanpaina jaso dute, besteen artean, El Diario Vasco-ko albiste hau eta ETB-2 Teleberriko bideoan (gazteleraz).

PRENTSA OHAR osoa hemen ikus daiteke:

pdf

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .